GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Iragarkietan arriskua, eta beste guztian?

 

Goizeko seietatik gaueko hamarretara, kito, ez da egongo gorputz ederrak gurtzen dituen iragarkirik. Ez titi tenterik, ez gerri buelta perfekturik, ez ezinezko irribarrerik, ezta harrizko izterrik. Denak, debekatuta. Horixe telebistarako martxan jarri den lege berria. Etxeko txikienak babestu nahi omen dituzte. Izan ere, ez dituzte ordu gutxi ematen telebistaren aurrean eta debeku horrekin modu sanoagoan haziko direla pentsatuko zuten adituren batzuek. Eta noraino diren jakintsuak, azkar konturatu baitira iragarki askok eta askok ez dutela batere laguntzen norberaren burua den bezalakoa maitatzen. Bai, bai, garbi baino garbiago esan dute publizitateak arrakasta eta norberaren itxura zuzenean lotzen dituela. Nora begira ote geunden beste guztiak?

Total, aditu-jakintsuek ondorioak atera eta azkar hartu dituztela neurriak: haurren ordutegian iragarki mota horiek erabat debekatu eta kito. Eta kontua ez da txantxetakoa. Edertasun produktuen iragarkiak hirugarrenak dira telebisten diru-iturrietan. 2008an, esaterako, 500 milioi euro gastatu zituzten alor horretakoek telebistan beren produktuak famatzen.

Lagun batek esaten duenarekin gogoratu naiz. «Iragarkiak ikusten ari nintzela ez didate ba filma bat sartu tartean?». Aditu-jakintsu horiek, nire lagun bitxi horren antzera, iragarki jaleak direla ondorioztatu dut. Iragarkiak bakarrik ikusten ote dituzte? Gehiengoak egiten duenaren kontra, programa edo filma hasten denean sofatik altxa eta komunera joateko aprobetxatzen al dute? Izan ere, iragarkietan bakarrik ikusi badituzte txikientzako arriskuak...

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo