Euskal hezkuntzaren aldeko zita Bilbon martxoaren 13an
Azken hiletan hezkuntza komunitatearen iritzia aintzat hartu gabe hartu diren erabakiak errefusatzeko eta hezkuntza sistema nazionala aldarrikatzeko mobilizazio erraldoi bat egitea adostu zuten atzo, EHBEk bultzatutako Hezkuntza Deialdiarekin bat egin zuten ikasle, irakasle eta gurasoek. Bilbon izango da hitzordua martxoaren 13an.Oihana LLORENTE |
Euskal Herriko hezkuntzaren egoerak erantzun sendo bat behar duela ondorioztatuta mobilizaziorako deia egin zuten EHBEk sustatutako Hezkuntza Deialdia osatzen duten langile, ikasle, irakasle, guraso eta herritarrek atzo. Hitzordua ere jarri dute: datorren martxoaren 13an Bilbon. «Mobilizazio erraldoi bat» egingo dela iragarri dute, xehetasunak azaldu gabe.
Donostiako Ernest Lluchen bildutako hamarka lagunek goiz osoan eztabaida sakona egin ondoren eman zuten mobilizazioaren berri. Izan ere, hezkuntza esparru zein herrialde desberdinetan ematen ari diren aldaketak «larriak» direla deritzote eta aski dela esateko unea iritsi dela ondorioztatu zuten.
Estatu espainola eta frantsesa «euren hezkuntza inposatzeaz haratago euskal hezkuntzaren kontrako eraso bizian» ari direla uste dute atzo bildutakoek. «Bi estatuek euskararen, euskal kulturaren eta nortasunaren aurkako gurutzada indartu dute», adierazi zuten batzarraren amaieran. Horiek horrela, «alarma gorriak piztuta», hezkuntza komunitateari zein jendarte osoari dei egin nahi izan zioten Hezkuntza Deialdiaren magalean bildutakoek, eta guztien artean «inposaketari, doktrinamenduari eta uniformizazioari ezetz esateko» gonbita luzatu zuten.
Salaketa eta aldarrikapena
Azken hiletan hezkuntzan gertatutako aldaketekiko aurkakotasuna agertzea izango da datorren martxoan egingo duten mobilizazioaren xedea. Nafarroako Hello eta TIL ereduak errefusatzea edota euskararen berreskurapena ezinezko egiten duten hizkuntza ereduen politikari muzin egitea; EAEko curriculum dekretuari ezetz esatea; Euskal Herria terminoa testuliburuetatik ezabatzeko mehatxuari mesprezua erakustea eta eskola txikien desagertzeari, hezkuntzaren merkantilizazioari eta diru laguntzen murrizketari ezetz esango zaie mobilizazioarekin.
Dena dela, mobilizazioaren helburu bakarra ez da hezkuntzak bizi duen egoera salatzea, Euskal Herriak beharrezkoa duen hezkuntza sistema nazionala aldarrikatzea ere biziki garrantzitsua da Hezkuntza Deialdiko kideen iritziz, eta aukeratutako leloak dioen bezala, «Inposaketarik ez! Euskal Herriak bere hezkuntza», euskal hezkuntzaren alde egingo dute Bilbon. Bertan, atzo zehaztu zutenaren arabera, euskalduntzea bermatuko duen hizkuntza eredua, curriculum propioa, Euskal Herrirako berezko unibertsitatea aldarrikatuko dituzte, besteak beste.
Sarasateko Adierazpena oinarri
Azken hilabeteetan hezkuntzak gorabehera handiak jasan dituela-eta, hezkuntza komunitatearen erantzun komun bat eratzeko jarri zuen abian Euskal Herriak Bere Eskola herri mugimenduak Hezkuntza Deialdia, eta ekainean hain justu, hezkuntzaren egoerarekin erabat kezkaturik zeuden berrehun bat lagunek Sarasateko Adierazpena aurkeztu zuten.
Adierazpen horretan sinatzaileek, euskal herritarrei Hez- kuntza Eskubideak dagozkiela aditzera eman eta horiek «aldarrikatu eta eraikitzeko» konpromisoa adierazten dute. Urte luzetan, bide horretan lan handia egin dela aitortu arren, Euskal Herrian indarrean dauden legedi eta markoek eskubide horiek mugatu egiten dituztela salatzen du adierazpenak. Eta hortaz, muga horiek gainditzeko gakoa «lankidetza, elkarlana eta akordioa» dela ondorioztatzen du Sarasateko Adierazpenak.
Bide horretan, bigarren urratsa eman zuten atzoko egunean laurogei bat lagun batu zituen Batzar Irekian. Goizean goiz abiatu zuten batzarra, 09.30erako lanean baitziren eta Donostiara bertaratutako guraso, ikasle, langile eta irakasleak.
Lehendabizi, hezkuntzak ikas maila eta herrialde bakoitzean bizi duen egoeraren inguruko diagnostikoa egin zuten eta horren ondotik, lan taldetan banatuta, adostutako hezkuntza egoera horri erantzuteko mobilizazio dinamikaren inguruan hausnartu zuten. Eguerdi partean osoko bilkuran ondorioak eman zituzten jakitera.
Irakasleak, ikasleak, hezkuntza langileak, gurasoak eta hainbat eragiletako partaideak bildu eta hezkuntzaren gaineko iritzi eta ekarpenak plazaratu zituzten goizean.
Batzarra «oso positiboki» baloratu du Edurne Larrañaga EHBEko kideak, jendetsua izateaz gainera, parte hartzailea eta emankorra izan dela nabarmendu du. Haren aburuz, hezkuntza komunitatea osatzen duten sektoreak biltzea garrantzi handikoa da eta hori lortu egin dela aitortu dio GARAri.
Hezkuntzaren egoeraren gaineko azterketan «adostasun zabala» dagoela eman du aditzera eta mobilizaziorako deiak ere sektore ororen sostengua duela nabarmendu du.
Hezkuntza Deialdiaren geroari buruz itaunduta, Larrañagak argi du martxoaren 13an ez dela lana bukatuko. Euskal Herriak une honetan hezkuntza mugimendu indartsu baten beharra duela ondorioztatu dute batzarrean eta hori osatzeko konpromisoa hartu dute bertan, «sektoreen gaineko eta publiko-pribatu dikotomiaren gainetik» egongo den mugimendua suspertzea izango da, beraz, EHBEk sustatutako Hezkuntza Deialdiaren eginbeharra datozen hiletan behintzat. O.L.