GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ETA-ren agiria Euskal Herriari

2009ko Gudarien Egunaren karira argitaratutako agirian Euskal Herriaren zapalketan ardurak dituztenei hainbat galdera luzatzen genizkien. Galdera horiei erantzun baikor batek gaur bizi dugun eskubideen ukapena eta ondoriozko gatazkarekin amaitzea ekarriko luke.

Historian zehar beste hainbat arduradun ardurabakoen antzera hona hemen beraien erantzuna: errepresioa, tortura, atxiloketa judizializatuak eta estrajudizialak, preso eta haien senideen aurkako politika hiltzailean urrats berriak...

Euskaldunok eskua zabaltzen dugunean, egurra erantzun, bakea hurbildu dezaketen eskaintzak luzatzen direnean gerra gehiago bueltan. Mendeetan zehar gerlarekin menderatu ezin izan duten herria badakite luzaz ezingo dutela preso mantendu eta eskura duten guztiarekin dabiltza erasoka, balantza beraien aldera makurrarazteko azken aukera bailitzan.

Indar itxura guztien azpian egonkortasuna inoiz lortu ez duen Estatua da espainola, alde guztietatik arrailduraz betea. Gezurretakoa da eman nahi duten tinkotasun itxura, faltsua beraien arteko batasuna, hareazkoak sortu duten eraikinaren oinarriak. Hainbati harrigarria egin ahal zaio hau Euskal Herria jasaten ari den erasoaren tamaina, eraso horiek guztiek jaso berri dituzten txeke zuriak edota erakusten ari diren herra ikusita. Beraien ahuldadea botatzen dituzten gezur eta erakusten duten harrokeriaren araberakoa da. Badakite zer heldu den eta horretara prestatzen ari dira. Euskal herri ehuna desegin nahi dute haizea alde jartzean urrunera bultzatuko gaituen haize oihal bilaka ez dadin.

Ez da gure helburua espainiar Estatuaren hondoratzea. Herri honek, bere geroa modu askean aukeratu ahal izateko, behingoz bakean utzi dezatela da eskatzen duen gauza bakarra. Eta etsaiak badaki, hori gertatuz gero, bere zangopean dauden herriek askatasuna berreskuratuz gero, bere zentzu eta izatea galduko duela. Atzera kontaketa hasia da, iraungitze data aspaldi pasatua dute.

Ezker Abertzalea aurrera!

Euskal Herriaren izatea ez da kontaketari so egotea, ea etsaia noiz birrinduko den telebistari begira, noiz etsai izateari utziko dion. Euskaldunen senak egitera eramaten gaitu. Horregatik ez gaituzte oraino menperatu, gure geroa egin, eraiki nahi dugu eta aukera hori zabaldu arte ez dugu etsiko.

Herri honen borrokaren motore dugun Ezker Abertzalea mintzatu da eta ETAk bere egiten ditu haren hitzak. Ezin gara etsaiari begira gelditu, aurrea hartu eta egiteko garaia dugu, orain ere. Etsaiak erasorik gogorrena zuzentzen digun honetan ezin gara erresistentzia soilean gelditu. Argi izanda errepresioari erantzun behar zaiola, etsaiaren urrats berriei herri harresia altxatu behar zaiela, eta horrek duen garrantziaren jabe, ito nahi duten iniziatiba gaitasunaz erantzun behar diegu. Egia da errepresioari eustean baino, gure indarrik handiena borroka politikoan dugula. Herri honek bizi nahi du, eta eztabaida politikoan Ezker Abertzalearen aurrean etsaien arrazoiak txiki gelditzen dira. Horregatik urte luzetan zehar adierazpen eta lanabes desberdinak izan dituen borroka politikoan urratsak ematen joan gara. Oraindik ez, baina etorriko da gaurko etsaiekin beste terreno batzuetan elkarri aurre egingo diogun garaia. Agian batzuk nahi eta uste dutena baino lehen ikusiko dugu bi Herri subiranoren selekzioak norgehiagoka, eta agian, soilik agian, lasaiago hartuko dugu garaipena nahiz porrota, kirol kontua bilakatuta, bata ala bestearen biziraupena jokoan egongo ez denean.

Iniziatiba gurea da. Ezker Abertzalea da bere proiektu politikoa defendatzeaz gain proiektu politiko guztiak askatasunez defendatu eta garatu ahal izateko aukerak barnebiltzen dituen marko politikoa proposatzen duen bakarra. Horri eztabaida politikoan ezin zaio aurre egin. Aurrean kokatzen den proiektu politiko zapaltzaileak porrot egin du, ez du ameskeria mantentzea lortu. Begi bistakoa da Euskal Herriak ez duela espainiar proiektuan lekurik. Ezker Abertzaleak, askotan bakardadean, esan izan du Espainia eta Frantziaren mendean Euskal Herria desagertze bidean dela. Denborarekin hainbatek bere gain hartu duten diskurtsoa hain zuzen. Etsaiaren porrota bikoitza da, Ezker Abertzalearekin bukatzeko ezintasuna gehitzen baitzaio.

Zoriondu behar dugu Ezker Abertzalea urtetan zehar erakutsi duen kemen eta sendotasunarengatik. Eraso guztien gainetik, borrokan tinko, burua tente, proposamenak luzatzen, ukabila eta esku luzatua uztartzen aritu delako. Hori ikusi genuen Altsasun, betiko ezker abertzale anitza, hainbat jatorri, jenerazio, joera eta izate elkarlanean batuak. Hori izan da Ezker Abertzalearen sekretuetako bat, eztabaidan bizi eta erabakietan tinko, bat.

Hori da lanerako borondatea izan dezaketen guztiei eskaintzeko duguna, bakoitza bere izate eta nortasunari eutsiz ideia eta proiektu baten inguruan elkarlanean aritzeko gaitasuna. Saiatu da etsaia hori apurtzen, modu batean ala bestean, gezurrak ereiten, filtrazioak hedatzen, ustezko disidenteak sortu eta elikatzen... alperrik. Amarru guztien ondoren Ezker Abertzaleak euskal askapen prozesuaren erreferentzia nagusia izaten jarraitzen du.

Duela gutxi, egin berri dugun hausnarketaren berri eman genuen. Ezker Abertzalea ere eztabaidan murgildua dago. Aitzinera begirako bidean eraginkorragoak izatea bilatuz, inoiz ez diogu egindakoak jarrera autokritiko zorrotzenarekin begiratzeari beldurrik izan. Ez dugu beldurrik gaizki egindakoak onartzeko, eztabaida politikoan sakontzeko, dialektika horretatik egi berriak erditzeko. Ezker Abertzalearen bidea eztabaida, autokritika eta borrokak ezaugarritu dute eta eztabaida, autokritika eta borrokak ezaugarrituko dute etorkizunean ere.

Prozesu Demokratikoa aurrera!

Ezker Abertzalearen borrokaren ardatza aurrerantzean prozesu demokratikoa izango dugu. Zanpaketa egoera juridiko politiko jakin bat demokratizatzeko burutzen den prozesua da Prozesu Demokratikoa.

Demokratikoa da, bere helburuetara iristeko elkarrizketa, negoziazioa, akordio politikoa eta oro har mekanismo parte hartzaile eta demokratikoen bidez garatzen delako. Alegia, gatazka politikoa termino demokratikoetan gainditzeko prozesua delako.

Herritarren Hitza hartzeko prozedurak, autodeterminazio eskubidearen formulazioa adostu eta herritarren borondate politikoa errespetatzea ardatz dituen prozesu politikoa da Prozesu Demokratikoa. Euskal Herriaren nazio eskubideak eta herritarren eskubide politiko eta zibilak indarrean jartzeko prozesua da. Euskal Herria Autodeterminazioaren eszenatokira eramateko prozesu politiko mailakatu, arautu eta adostua da. Zanpaketa egoeratik ezagutza egoerara pasatzeko gure Herria mekanismo politiko juridikoz hornitzeko prozesua.

Prozesu Demokratikoa ateak irekitzeko prozesua da. Herri honek erabaki beharko du ondoren ate horiek noraino gurutzatu. Ezker Abertzaleak aspaldi daki herri honen bizirautea Independentziari ezinbestean lotua dagoela. Behin horra iritsita Ezker Abertzaleak beste indarrekin berdintasunean lehiatu ahal izango du, eta zalantzarik ez dezagun izan gauden baldintza zailetan eztabaida politikoa asko aurreratu badugu, baldintza horietan eztabaida politiko hori irabazi egingo dugula.

Prozesu Demokratikoak aurrean marko autonomiko-foral agortuak eta hauen erreforma eta berriztapen-betikotze saiakerak izango ditu. Horiek hamarkadetako borroka bidez lortutako baldintza politikoak zapuztu eta sasiz beteta utzi ahal dute gure Herriaren askatasun aukera. Aukera horiek gaurdanik indar guztiarekin borrokatu behar ditugu. Prozesu Demokratikoa ez da soilik Herri honentzako aukerarik onena baizik eta bakarra, eta hori garbi erakutsi behar dugu.

Prozesu Demokratikoaren berme nagusia gure Herria dela ulertu behar dugu. Soilik gure Herriko indarrekin askatu eta xedera eraman daitekeelako, soilik gure Herriaren indarren bidez baldintzatu daitekeelako, soilik gure Herriaren bultzadaren ondorioz ireki, eraiki eta burura eraman daitekeelako.

Ibilitakoak erakusten du urrats berria ematen eta izandako esperientzietatik bi irakaspen azpimarratu behar ditugu: Berme nagusia dugun herri aktibazioa ematen ez bada, negoziaketa eremuen itzalean gelditzen bada, Prozesu horrek ez du aurrera egingo. Era berean Prozesu Demokratikoa ezin daiteke Estatuaren parte hartzerik gabe burura eraman. Bere parte hartzea gutxienean Euskal Herriarengan gauzatzen duen injerentzia bertan behera uztea izan beharko du. ETAren menia edo sueten batek ez du Prozesu Demokratikoa izango dela ondorioz ekartzen.

Prozesu Demokratikoa lanabes demokratikoak erabiliz eta injerentziarik gabe burutu behar bada, eta horrela ikusten dugu guk ere, Estatuaren esku-sartze eta bortxak gelditu behar du. Etsaiak Prozesu Demokratiko bat abiatzeko inoiz borondaterik izango ez duela kontuan edukita, nola bultzatuko dugu bide hori hartu dezan eta ondoren horretan mantendu dadin? Herri osoaren aktibazio eta presioak eramango gaitu Prozesu Demokratikora eta Herriaren aktibazioak bermatuko du Prozesua burura eramango dela.

Herri azkartze eta bizkortzean indar berezia jarriz beraz, Anoetako eskema nagusietan berresten da ETA. Prozesu Demokratikoa Herriari Hitza eman-Herriak Hitza hartzeko prozesua izanik, aipatu Herri aktibazioa izango baita berme nagusia, motor eta trakzio ardatza.

Herri nahiak asetzeko, gaur egungo legedi eta instituzioak gainditu eta egoera demokratiko batera egokitzeko eztabaida eta negoziaketa eremuak eratu beharko dira. Euskal herritarrek bertan lorturiko akordioak berretsi beharko dituztelarik. Horrekin batera, beste negoziaketa eremu batean ETA eta Estatuak Gatazkaren ondorioei heldu beharko diete.

Antolatu eta borrokatu

Zapalketa egoera eta ondoriozko Gatazka gori-gorian egonik orain Prozesu Demokratikoaren aurreko aldian geundeke. Aldi hau, eta ondoren etorriko dena ere, borrokak ezaugarrituko du. Borrokaz sortuko ditugu Prozesu Demokratikorako baldintzak eta borrokaz lortuko dugu baldintza horiek loratu eta fruitu eman dezaten.

1978ko abenduaren 21ean etsaiaren borreroek auto azpian hilko zuen lehergailua jarri baino ordu batzuk lehenago Argalak bere jaioterrira zuzendutako grabazioa egin zuen. ETAren 50. urteurreneko azken agiri honetan grabazio hartako hitz batzuk gogora ekarri nahi izan ditugu:

«(...) Se grita ETA herria zurekin y yo no creo que este grito es negativo en la medida en que con ello no se trata de que ETA solucione los problemas de todos, que evidentemente no puede solucionarlos (...) Ni ETA ni todo KAS ni HB ni ninguna formación política por amplia que sea puede solucionar los problemas de la clase trabajadora vasca, del pueblo trabajador vasco. Unicamente el mismo pueblo trabajador vasco puede solucionarse sus problemas. (...) Pero nadie que grite ETA herria zurekin, nadie que comparta los objetivos que hoy defiende KAS, nadie que esté de acuerdo con la lucha de ETA, nadie de estos puede quedar al margen de la lucha y no puede quedar al margen de la organización. Solo un pueblo organizado puede conseguir los objetivos a los que aspira. Animo, a organizarse y pelear!».

Ez da izango ETA Euskal Herriaren askatasuna erdietsiko duena. Ez dira izango alderdi politikoak askatasunera hurbilduko gaituztenak. Euskal Herriari Herriak berak emango dio askatasuna. Hori azpimarratu nahi dugu gaurkoan ere. Garaipena Borrokan dugu eta dei egin nahi diogu gure Herriari eta herritar bakoitzari antolatu eta borrokatzeko, gure Herriaren askapenean protagonista bilakatzeko. Latza bezain ederra dugun borroka honetan murgiltzeak merezi du, Herri honek merezi du.

Bukatzeko, azken hitzak borroka honetan beren aletxoa eskaini duten guztiei zuzenduak daude, bereziki sarraski espetxetan dena eman duten eta ematen ari diren burkideei, deserrian daudenei eta nola ez, bidean eroritakoei. Ezaren gudaz baietza sortuz... lortuko dugu! Gora Euskal Herria Askatuta! Gora Euskal Herria Sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian,

2009ko abenduak 31

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo