Nafarroan menpekotasuna duten pertsonen %85 zaindu gabe dagoela salatu du ELAk
Nafarroako Gobernuak CEN, UGT eta CCOOrekin sinatu duen akordioa «mespretxagarria» dela esan du ELAk eta akordioaren «helburu nagusia» menpekotasunerako arreta zerbitzua pribatizatzea dela ziurtatu du.GARA | IRUÑEA
Nafarroan menpekotasuna duten biztanleen %85ek ez du inolako zerbitzu publikorik jasotzen, atzo Nafarroan ELA sindikatuko koordinatzaile Mitxel Lakuntzak salatu zuenez. Era berean, Nafarroako Gobernuak menpekotasunerako duen arreta politikaren inguruan «gezur handi bat» eratzen ari dela baieztatu zuen Lakuntzak.
Iruñean eskainitako prentsa agerraldian, non Iñaki Zabaletak eta Imanol Pascualek ere parte hartu zuten, Nafarroako ELAko koordinatzaileak gogor salatu zuen herrialde honetako Gobernuak CEN, UGT eta CCOOrekin batera izenpetu duen menpekotasunerako arretaren inguruko akordioa. «Akordio mespretxagarria da», esan zuen. Izan ere, Lakuntzaren iritziz, akordio honekin, hain justu, ELAk defendatzen duen ereduaren aurkakoa den eredua «indarrez» ezarriko dute sinatzaileek. Zehazki, ELAk «sistema publiko, doako eta unibertsala» defendatzen duen bitartean Nafarroako Gobernuak, CENek, UGTk eta CCOOk eredu pribatu eta baztertzailea ezarriko dutela salatu zuen.
Zentzu honetan, akordioaren «helburu nagusia» menpekotasunerako arreta sistema pribatizatzea dela ziurtatu zuen. Helburu hori gainera «larria» iruditzen zaiela esan zuen, «baita mespretxagarria ere, jendearen beharrekin jolasten saiatzen ari direnean».
Horrez gain, gisa honetako erabakiekin sektore publikoan menpekotasunaren gaia jorratzeko dagoen eremu txikiari lekua kendu nahi diotela adierazi zuen Lakuntzak. Hala, axola zaiena gisa honetako beharrekin negozioa egitea dela adierazi zuen.
Alde horretatik, Nafarroan menpekotasunerako arreta zerbitzuaren sektorean patronalak «interes argia» duela baieztatu zuen. «Kasu honetan, bilatzen duten gauza bakarra beraien irabaziak indartzea da», esan zuen. Patronalak halako interesak izateak gainera langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea okertuko ditu, Lakuntzak adierazi zuenez.
UGT eta CCOO
UGT eta CCOO sindikatuen jarrera ere gogor kritikatu zuen. Bi sindikatuok «baliabide publikoak» nahiz «diru kopuru izugarriak» jasotzearen truke hain «sentikorra» den sektorearen pribatizazioan parte hartzeko prest daudela salatu zuen Nafarroako ELAko koordinatzaileak.
Azkenik, eta Nafarroako Gobernua hizpide hartuta, honek menpekotasunaren gaia lantzeko orduan «gezurra eta propaganda» baliabide politiko gisa erabiltzen jarraitzen duela esan zuen.
ELAk salatu duenez., Nafarroan menpekotasuna duten pertsonen arretarako «eredu pribatu eta baztertzailea» ezarri nahi dute, eta ez sistema «publiko, doako eta unibertsala».