Maider Iantzi Kazetaria
Zergatik nahita azazkalak jaten egon?
Arazo guztiek sustrai bera dute: beldurra, maitasunarekin desagertzen dena; baina maitasunak beldurra ematen digu». Ona iruditu zitzaidan esaldia, eta apuntatu egin nuen. Ez dakit norena den; beldurrezko pelikulek gugan pizten dituzten sentimenduak aztertzen zituen artikulu batean irakurri nuen. Erreakzio kontrajarriak izaten ditugu film hauen aitzinean: batzuentzat zoragarriak dira; bertzeok, alde egiten dugu gorputzean lehenbiziko hotzikara sumatu bezain laster, edo bertzela begiak itxita egoten gara denbora gehiena. Musika deserosoak, giro arraroak agudo zerbait txarra gertatuko dela iradokitzen digute eta nahiago dugu ja begiratzeari utzi, badaezpada, ikarak ezustean harrapa ez gaitzan. Betazalak jaistearekin aski ez eta eskuekin estaltzen dugu aurpegia, gainera. «Baina zer ari zara, ez da deus ageri-eta!», erraten digu lagunak ondotik. «Zuk abisatu pasatutakoan», eskatzen diogu.
Zer zentzu du nahita tentsio batean azazkalak jaten aritzeak? Beharrezko dugu era kontrolatuan izutzea? Erreportajean honela azaltzen zuten adituek: beldurra lotuta dago kezkatzen gaituenak eta ezagutzen ez dugunak sortzen digun antsietatearekin, eta zineak gizartean dauden angustia horiek agertzen ditu pantailan. Ikusleak badaki ordu eta erdiko kontua dela, horrek segurtasuna ematen dio eta gozatu egiten du. Dragon Khanen ibiltzen denak bezala. Bihotza ahoan, errealitatetik kanpo bidaiatuz. Poliki igo eta ziztu bizian jaisten diren tramankulu horietako bat probatzeko ilaran jarri nintzen behin, «Erorketa librea», baina aurpegi zurbilekin ikaratu eta ospa egin nuen. Tren txikira.