Ariane Kamio Kazetaria
Ikusarazi nahi dena soilik erakusteko
Beti irudi berberekin edo antzekoekin ikusi izan dut. Apenas ez da aldaketarik egon, gogoratzen naizenetik behintzat, haren itxuran, janzteko moduan, ibileran. Gau berezia dela esaten dute, askorentzat gehiegi luzatzen den horietakoa, egunsentia eskutik heldu arterainokoa. Egurats hura arnasteak ere berebiziko garrantzia du askorentzat, ia urtebeteko geldialdiari amaiera ematen dion «eroaldirako astia» baita.
Iaz aldatzen hasi zen akaso, betikoen artetik lore berrien antzera ateratzen hasi baitziren tartean-tartean. Batzuentzat diru-laguntza eta baimenak zirelako eta, besteentzat, behingoan behingoagatik eraldatzeari baiezko keinua luzatu ziotelako. Donostiako danborradako konpainietan emakumeen presentzia bermatzea (nahiz eta iaz Bilgune Feministak ohartarazi jaia oraindik ez dela parekidea) aurrerapausotzat har zitekeen, batzuentzat handiagoa eta besteentzat txikiagoa, baina, bederen, atzera egiteko modukoa ez zela aurreikus zitekeen.
Lerro hauek idazten ari naizen unearen eta lerro hauek irakurriko diren garaiaren artean ordu dezenteko aldea egongo da eta ezin aurreikus dezaket, oraingoz bederen, urtarrilaren 19a eta 20a banatzen dituen gauerdiak zer eman eta gaur zer esango duen. Etorkizuna iragarri gabe, baina, Lakuako Barne Sailak Konstituzio plazako bizilagunei emandako «oharrek» ez dute ez aurrerapausoetarako tokirik uzten.
Rodolfo Aresek zuzendutako sailak, Konstituzio Plazako balkoi edo lokaletan «azpiegitura ilegalak» jartzen dituztenen kontrako neurriak hartuko dituela ohartarazi zien bizilagunei, eta euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen duen banderolak ere kentzeko agindua eman zuen.
Esan bezala, gauerdian gertatzen denak esango du bihar (gaur zuentzat) San Sebastian eguneko atariak zer ekarri duen eta balkoietan zer ikusi ahal izan zen. Agian ETBko emisioan partxeak jarriko zituzten kameretan, edo irudietako zatiak difuminatu Konstituzio plazan zegoena inork ikus ez zezan. Hurrengo urterako, agian, aurrez grabatuko dute danborrada, ikusarazi nahi dena soilik erakusteko. Nork daki.