Talibanek argi utzi dute noiznahi eta nonahi eraso egin dezaketela
Gerra Kabul hiriburuko bihotzeraino eramanda, mezu argia igorri diete talibanek okupatzaileei eta kolaboratzaileei: «Nahi dugunean eta nonahi erasotzeko gai gara».
GARA | KABUL
Itxurazko Gobernua zuzentzen duen Hamid Karzai presidenteak hiriburuan segurtasun neurriak zorrozteko agindua eman du.
Ez du beste aukerarik. Talibanek herenegun Kabulen egin zuten erasoaldiak izututa utzi ditu guztiak. Ez da gutxiagorako.
Armada okupatzaileen agintaritzak txalotu egin du Segurtasun Indarrek eman zieten erantzuna. Azken hauen arduradunek aitzakiak darabiltzate ahotan gertatu dena azaltzeko orduan.
«Kabul hiri handia da, bost milioi biztanle dituena, eta zabalik dago, edonor sar daiteke, zentroan samurrago gainera, kale estuak dituelako», azaldu dute.
Aitzakiak aitzaki, jende arruntak argi du astelehenean gertatutakoaren ondorio nagusia: «Talibanek garaipen bat lortu dute. Noraino iristeko gai diren argi utzi dute», esan du enfrentamendu gordinenak izan ziren merkataritza-gunean saltokia zuen Fahim izeneko dendariak.
Wadir Safi Kabuleko Unibertsitateko irakaslea bat dator. «Talibanen indar erakustaldia da eta Armadaren eta Poliziaren arteko koordinazio falta utzi du agerian», nabarmendu du Zientzia Politikako aditu honek.
Bere ustean, gainera, «Kabuleko talibanek beren indarra erakutsi nahi izan diete Kandahar eta Helmandeko talibanei».
Adituen iritziz, Haqqani sarea egon daiteke erasoaldi ausartaren atzean. Jalaluddin Haqqanik, sobietarren aurkako gerrako heroiak, talibanekin bat egin du eta 2008. urtean Karzai presidentearen aurkako atentatua bere gain hartu zuen.