GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Danbor hotsa eta jaia ulertzeko bi modu

Abian dira sansebastianak 364 eguneko itxaronaldiaren ondoren. Gaur da egun handia, baina danbor hotsen burrunbak atzo gauerdian eman zion hasiera jaiari, Raimundo Sarriegiren doinuen pean. Hogeita lau orduko jaia. Laburra oso, baina trinkoa, eta ikusgarria, halaxe baita milaka lagunek hiri osoan zehar danborrak eta barrilak astintzen jardutea. Milaka eta milaka jaian parte hartzen dutenak, urtean baino urtean gehiago.

Dibertimendua, tradizioa, kultura, aldarrikapena... horiek dira jaiaren osagaiak; hala ere, Euskal Herrian instituzioetako arduradun ugari tematuta agertzen dira herri adierazpen horiek sustatu beharrean, murrizten eta are galarazten. Jaia bere zabalean agertu eta haren protagonista herritarrak izatea saihesten tematuta. Jaia alaia, espontaneoa, originala eta zabala da; horrenbestez, demokratikoa. Eta badirudi izaera demokratiko hori dela, hain zuzen, gogoko ez dutena. Falta direnak oroitzea, eskubideak errebindikatzea, herriko arazoak agertzea eta beste edozein aldarrikapen ere jaiarekin bateragarriak ez ezik, jaiaren parte ere badira, eta Donostia edota Azpeitia adibide ezin hobeak dira; hala ere, joan den udako errepresio dinamikaren protagonistek uste dute eurek erabaki behar dutela zein diren herri adierazpen egokiak eta zein ez, dibertitzeko modua ezartzeraino. Eta atzo dinamika absurdu hari segida eman zioten Ertzaintza etxez etxe Donostiako Konstituzio plazako bizilagunei euskal presoen aldeko kartelak edo argazkiak ateratzen bazituzten terrorismoa gorestea leporatuko zietela mehatxu egitera bidalita. Prozedura berria elkartasuna kriminalizatzeko taktikan.

Bi jai eredu, jaia ulertzeko bi modu, gizarte-antolaketa moduaren eredu ere badirenak: herritarrei hitza ematen diena eta hitza ukatzen diena, adierazpen askatasuna ezabatzeraino murrizten duena eta herritarrak lekuko bainoago protagonista nahiago dituena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo