Andres Osa «Sakona»
Jesus Lezaun: izar distiratsua
Jesus Lezaun pertsona serioa eta lagunartekoa. Gizatasunez betea. Berbakoa. Fededuna. Inkonformista. Kritikoa era guztietako ustelkerien aurrean. Intelektuala eta inteligentea. Diruz txiroa, gizatasunez aberatsa. Zenuen guztia emateko. Denen gainetik eta aurretik justizia maite zenuen. Behartsuen alde. Pertsegituen defentsa sutsua. Elizaren eta estatuaren diktadurak, gehiegikeriak salatzen nekaezina. Euskal Herria maite zenuen, abertzalea burutik oinetara. Hori guztia eta hitz leunez eta gozoz zerrenda luzea eta mamitsua osa daiteke. Itzali zara eta, topikoa bada ere, esan beharrean nago Euskal Herriko sabaian argiaren intentsitatea zertxobait indartu dela.
Elkarrekin igaro genituen une gozoak, atseginak, elkarrizketa aberatsak Iruñeko seminarioan 70eko hamarkadan. Han ezagutu ginen eta geroztik zu izan zara niretzat erreferentzia eta eredu bikaina gauza askotan. Mila esker, Jesus. Zaila zait jarraitzea. Izarra izan zara askorentzat eta zure distira ez da itzaliko.