Ana Ugarte Baztan
Iruñea-Gasteiz trena
Iruñea eta Gasteiz arteko ibilbidea egunero trenez egiten dugun bidaiariok hainbat atzerapen eta gorabehera izan ditugu azken hilabetean. Azkena astelehenean, bi ordu eta erdi baino gehiago egon ginen Altsasuko geralekuan, argirik eta berogailurik gabe zero azpiko tenperaturan, autobus bat bidali zuten arte. Hiru ordutik gora beranduago iritsi ginen Iruñera. Arazo hauek elurte eta denboraleekin batera suertatu badira ere, eta horietariko batzuk ulergarriak izanda, beste hainbat ezin zaie arazo meteorologikoei egotzi, edo ez, behintzat, horiei soilik.
Izan ere, azaldutakoaren moduko gertaeretan trenean Renfeko langileekin igarotako orduek hainbat gauza (eurek kontatuak) jakiteko balio izan digute. Eta hara non jakin dugun Iruñea eta Gasteiz lotzen dituzten trenek 40 urte baino gehiago dituztela, horregatik hiru hilabetean behin zirkulazioan jarraitzeko baimena berritu behar zaiela eta Estatu osoan gurea dela horrelako trenak zirkulazioan jarraitzen duten inguru bakarra. Langile batek eurak ere behin baino gehiagotan «beldurrez» igotzen direla aitortu ez zigun ba! Eta bitartean, Aragoin, adibidez, AHT erregional batek hiruzpalau bidaiari dituela Zaragozatik Calatayuderako bidea egiten du egunero (adibidea Renfeko beharginak berak jarria da, ez nik asmatua).
Zer garraio mota bultzatzen dute Renfek eta Sustapen Ministerioko agintariek? Zerbitzu kaskarra emanda jendea autoa etxean uztera animatu eta garraio publikoak suspertzen dituztela uste al dute? Horrela nekez aurreratuko dugu jendarte iraunkorrago baterantz... Gure gobernu autonomikoetako agintariek, euren aldetik, Renferekin akordioak dituzten neurrian, konpainiak emandako zerbitzua egokia izatea bermatu beharko lukete.