GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bizitza ekologikoa izateko bideak ikusgai Biarritzen

Idoia ERASO |

Eco'Vie (edo Eko'Bizitza) erakustokiak bere bigarren edizioa Biarritzen eginen du urtarrilaren 29tik 31ra. Ateak lehen aldiz irekiko dituen Irati aretoa izanen da bizitza ekologiko eta iraunkor bat eramateko bideak deskubritzeko aukera eskeiniko duen ekimenaren kokagunea. Ekimen eta produktu anitzak atzematen ahalko dira erakusketan. Haur zein helduentzako tailerrak, mahai- inguruak eta hitzaldiak izanen dira.

Bost jatetxe bio, 90 tailer eta 170 erakusmahai izango ditu Eco'vie-k. Iaz Baionako elkarteen etxean egin zen lehen edizioan baino askoz aukera handiagoa izanen da aurten Irati aretoaren handitasunari esker. Arloka antolatuko dira erakusmahaiak eta horietan, besteak beste, jaki, osasun edo eraikuntza enpresek eskaintzen dituzten produktuak aurkeztuko dituzte.

Eko-eraikuntzaren inguruko sailak eremu handia hartuko du. Etxe ekologiko bat nolakoa den erakusten duen maketa handi bat izanen da. Haurrek murru ekologikoak edo bestelako eraikinak egiten jostatzeko aukera izango dute.

Elikadurak ere garrantzi handia izango du eta horren erakusle anitz izango dira. Informazioa eta aisialdia ere landuko dira Eco'vie-n.

Honezaz gain, Eco'viek estreinatuko du Biarritzeko Irati erakustokia. 1.500 parte hartzaileri harrera egiteko edukiera du eta 4.500 pertsona har ditzakeen kontzertuak ere antolatzen ahalko dira gune horretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo