Atzelari argentinarraren aurkezpena
Gerlo: «Ni ez naiz salbatzailea»
Argentinako River Platetik bigarren mailako talde batera etortzea «aurrerapauso» gisa ikusten du Real Unioneko jokalari berriak.
Imanol CARRILLO
Real Unionek sailkapenean gora egiteko miraria behar duela jarraitzaile ugarik pentsatuko dute ziur aski denboraldiko une honetan. Argi dago neguko merkatua abian dela Irungo taldean -Maric eta Lacruz fitxatu ditu-, eta atzo Danilo Gerlo hirugarren eta azken fitxaketa aurkeztu zuten Galen. Hala ere, jokalariarekin egoera zuzenean erabat aldatuko delakoan dauden guztiak oker daude. Hala adierazi zuen, behintzat, defentsa argentinarrak.
«Argi dago ni ez naizela salbatzailea. Beste jokalari bat besterik ez naiz izango, jokatzen dudanean eta jokatzen ez dudanean. Garrantzitsuena taldea da, are gehiago hain egoera zailean dagoenean. 25 jokalariak garrantzitsuak izango dira». Horiek izan ziren argentinarrak bota zituen hitzak hedabideen aurrean egindako aurkezpenean.
Bizitza osoa Argentinan eman du Gerlok; hango zenbait talde garrantzitsuetan jokatu izan du -azkena River Plate taldea-. Hainbat jendek bigarren mailako talde batera etortzea atzerapausoa izan zitekeela aipatu izan badiote ere, jokalariak argi du erabaki hau «aurrerapauso» bat dela.
«Nire nahia esperientzia berri bat izatea besterik ez da. Gauzak ondo egin eta jokalari gisa hazi nahi dut. Niretzat erronka bat da. Bestelako futbol bat ezagutu nahi nuen eta Espainiako futbolak erakarri egin ninduen. Ez zait axola taldea zein egoeratan dagoen», nabarmendu zuen Gerlok.
Jokalaria orain dela hiru egun iritsi zen Irunera, baina taldekide gehienak ezagutzeko aukera izan zuen asteleheneko entrenamenduan. Halaber, lehendabiziko aldiz bere talde berriaren partida bat ikusi ahal izan zuen igandean. «Zuzenean ikusten nuen lehen aldia izan zen. Taldeak ondo jokatu zuen. Emaitza ez zen justua izan, baina futbola horrelakoa da, esker txarrekoa», adierazi zuen.
Garai gogorra
Iñaki Alonso entrenatzailearen planetan lehenbailehen sartzeko gogotsu ageri zen argentinarra, baina argi du pausoz pauso joan behar dela, izan ere, bidaia luzea egin du Euskal Herrira etortzeko. Gainera, urte erdia darama gutxi gorabehera jokatu gabe -baina entrenatzen aritu da-, River Plate taldetik aldendu zenetik, hain zuzen ere.
Hala, azken hilabete hauek ez dira Gerlorentzat onenak izan. «Bost hilabete egon nintzen jokatu gabe. Inoiz gertatu ez zaizkidan gauzak gertatu zitzaizkidan, ez nuen ondo pasa. Baina ahal izan nuen modurik onenean eramaten ahalegindu nintzen. Jokalaria jardunean ez dagoenean gehiegi sufritzen du».
Aukera paregabea du, beraz, bestelako giro batean bere maila erakusteko eta, bide batez, Real Unioni laguntzeko.
Danilo Gerlok datorren ekainaren 30era arteko kontratua sinatu du Real Unionekin. Hala ere, Roberto Lopez Ufarte kirol zuzendariak adierazi zuenez, jokalariak aukerari etekina ateratzen badio eta taldea mantentzen bada, «gurekin geratuko dela ziur nago».
Danilo Gerlo defentsa argentinarraren aurkezpenean Roberto Lopez Ufarte taldeko kirol zuzendaria ere aritu zen. Haren ustez, Real Unionek esfortzu handia egin du jokalari honen maila duen fitxaketa lortzeko.
Aldi berean, Gerloren maila goraipatu eta taldeari atzeko postuetan esperientzia emango diola adierazi zuen: «Esperientzia duen jokalaria da, taldeari laguntzeko indarra duena.»
Azkenik, Lopez Ufartek fitxaketak itxita daudela adierazi zuen, baina aukera txiki bat ere airean utziz. «Inoiz ez dut ehuneko ehunean esango, baina konbentzituta nago ez dela beste jokalari bat etorriko. 12 egun geratzen dira neguko merkatua ixteko, eta ez dugu beste jokalari baten etorrera planteatu, gaurtik ordura arte ezbeharren bat gertatzen ez bada behintzat», amaitu zuen.I. CARRILLO