Beatriz Arana Ortiz eta Mertxe Gonzalez Markos Txingudiko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak
Mugak
AHTk ez du balio Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak azpiegituraren beharra justifikatzeko adierazi duten helburu nagusirako, hots, Gasteiz eta Paris artean «trenbide autopista» martxan jartzeko
Hendaiak eta Irunek estatuek ezarritako «Espainia eta Frantzia» deritzetenaren arteko muga sufritu izan dugu urteetan zehar. Mugaren eragin zatikatzailea, halaber, ez zen Irun eta Hendaian bukatzen, Euskal Herriko herri guztietara hedatzen baitzen. Muga desagertu ondoren gauzak ez ziren egun batetik bestera aldatu eta muga ikusezin bat geratu zen gure artean. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkar ezagutza eta harremanak hobetzeko denbora behar duen prozesu eder bat abian dago geroztik.
Herri berbera izanik, kolonizazio mota ezberdinak sufritu izan ditugu Bidasoaren bi aldeetan bizi garenok eta horrek zaildu egin du hainbatetan bata bestearenganako hurbilketa. Egun, Euskal Herriaren baitako zatiketa areagotuko luketen muga berrien mehatxuak aurrez aurre ditugu. Horietako bat AHT eta berarekin etorriko litzatekeen lurraldearen eraldaketa sakona. Izan ere, muga berri honek eta berari atxikia doan metropolia 470 kilometro eta ehunka hektarearen baliokidea izango litzateke, eta hamaika herri eta auzo zatituko luke. Europar, espainiar eta euskal elite agintariek ezarri nahi digute muga berri hau eta horrekin batera beste kolonizazio mota bat, oraingo honetan garapenaren, modernitatearen, indibidualismoaren eta abiaduraren kolonizazio mentala.
Hemengo biztanleok gure kostaldea, mendialdea, padurak, bailaratxoak, muinoak, basoak, errekak eta landak ikaragarri maite ditugu, gure altxorrak dira. San Martzial, Olaberria,Osinbiribil, Meaka, Ibarla, Ollakinta, Plaiaundi, Aiako Harriak eta Jaizkibel dauden bezala nahi ditugu. Mendeetan zehar hiri historikoak lurraldea behar zuen eguneroko hornikuntzarako, eta hori dela-eta, gure bazterrak gure arbasoen eta naturaren arteko hartu-emanaren emaitza eta kultura iraunkorraren adierazle dira. Gure ingurua historiari dago lotuta eta gure memoriaren gordelekua da. Egun eta etorkizunari begira inguruko lurrak elikagai burujabetzaren bermatzaileak dira.
AHTren eta berari atxikita datorren metropoliaren hedapenak gure lurraldea eta horrekin batera gure natura, historia eta memoria betiko ezabatuko lituzke. «Muga berriak» edo metropoliak ez du inguruko lurralderik behar eta urrundik ekarritako elikagai eta baliabide material eta energetikoen menpe dago. Aurreikusitako plangintza oztopatzen ez badugu, pertsonen eta merkantzien garraiorako korridorea bilakatuko dute gure herria. Euskal Herriaren kokapen geografikoak gure herriaren gainean dagoen Europako megalopoliak hornitzeko behar dituen salgaien pasabide eta biltegia bilakatzera garamatza. Ezin dugu hau inolaz ere onartu.
Hamaika azpiegiturak zatikatu eta zementatzen du jadanik gure lurraldea. Azpiegitura hauek ibilgailuei mugikortasuna errazten dieten neurrian, pertsonoi komunikazioa oztopatu egiten digute. Mugikortasunak beraz, naturaren eta pertsonen mugimenduaren etena dakar. Heriotza.
Hendaia eta Irungo herritarrok abiadura handiko trenaren egitasmoa arbuiatuko duen manifestazioan batuko gara, bi herri hauek eta Euskal Herriko beste hainbat herrik sufrituko lituzketen (eta jadanik sufritzen ari diren) kalteez ohartarazteko. Egitasmoaren bideragarritasunaren gainean agintarien etengabeko gezurrek eta proiektu horien bultzatzaileen interes ekonomiko eta politikoek AHTk gure naturari, jendarteri eta ekonomiari ekartzen dizkion kalte itzulezinak etengabe ezkutatzen dituztela salatu nahi dugu guztiok batera.
Esate baterako, AHTk ez du Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak azpiegituraren beharra justifikatzeko adierazi duten helburu nagusirako balio, hots, Gasteiz eta Paris artean «trenbide autopista» martxan jartzeko. Hori egin ahal izateko kamioien kontainerrak Modalohr izeneko bagoi erraldoietan sartu behar dira. Bagoi bakoitzak 400.000 euro balio du, dauden tunelak estuegiak dira bagoiak igarotzeko, eta trailerra bagoian kargatzerakoan bikoiztu egiten da mugitu beharreko masaren guztizko pisua.
Beraz, AHTk ez du balio «trenbide autopista» izateko aipatu arrazoiak direla-eta.
Orduan, zergatik esan digute gezurra? Philippe Essig RFFren presidentea (Frantziako Adif) Modalohr bagoien ekoizpenaren patentea duen enpresaren aholkularia eta merkataritza ordezkaria da. Orain ulertzen dugu! Hau guztia dela-eta abiadura handiko trenaren eraikuntza Hego Euskal Herrian eta Iparralderako dauden planak bertan behera uzteko exijitzen dugu.