BARTZELONA
Guardiolak beste urtebetez segituko du
GARA | DONOSTIA
Pep Guardiolak Bartzelonako entrenatzaile izaten jarraituko du datorren denboraldian ere. Horixe adierazi zuten atzo berariaz horretarako antolatutako prentsaurrekoan. Bi aldeen arteko azken bilera heregun egin zuten eta jokalari ohiak taldean segitzeko duen «konpromisoa» agertu omen zuen, «gutxienez denboraldi bat gehiago».
Gauza jakina da Guardiolak ez zuela aurtengo denboraldia amaitu arte ezertxo sinatu nahi, baina azkenean urratsa eman behar izan du. «Ez dut sentitu nahi hemen nagoela lehen egindakoagatik, etorkizunean egiten segi dezakedana baloratzea ere nahi dut. Giroa aldrebesten ari zen eta, jarraitzeko indarrak baditudala pentsatzen dudanez, kontratua orain luzatzea erabaki dugu», onartu zuen Guardiolak.
Hori bai, udan egingo diren hauteskundeen ostean, presidente berriarekin adostu beharko ditu kontratuaren nondik norakoak, entrenatzaile kataluniarrak behin baino gehiagotan esan izan baitu ez duela traba bat izan nahi datorren zuzendaritzarentzat.
Txiki Begiristain
Bestalde, prentsaurreko berean, Txiki Begiristain kirol zuzendariak datorren denboraldian taldea utz dezakeela iradoki zuen. «Ni Presidentearen konfiantzazko gizona naiz, eta presidentea badoa», esan zuen hitz erdika. Begiristainek zazpi urte eman ditu bere postuan eta oso lan ona egin du.