TENISA Australiako Irekia
Bigarren kanporaketako partida baino zerbait gehiago
Justine Heninen itzulerak hankaz gora jarri du denboraldiko lehen Grand Slama. Waloniarrak Dementieva kaleratu du, munduko bosgarrena, bigarren neurketan.
Asier AIESTARAN
Itxura guztien arabera, aurtengo Australiako Irekia berezia suertatuko da emakumezkoen adarrean. Pentsatzekoa zen Justine Heninen itzulerak hankaz gora jarriko zituela ohiko pronostikoak, eta aurreneko danbatekoa atzo iritsi zen Melbournen. Bere garaian munduko tenislari onena izan zenak Elena Dementieva errusiarra kaleratu zuen bigarren kanporaketan, gaur egun munduko rankingean bosgarren postuan dagoen tenislaria, hain zuzen ere. Henin waloniarrak, horrela segituz gero, Kim Clijsters flandestarrak iaz egin zuen balentria berdintzeko aukerak izan ditzake. Clijstersek, Heninen aurkari zuzenak bai pistetan, bai pistetatik kanpo, Estatu Batuetako Irekia irabazi zuen bi urteko atsedenaren ostean jokatzen zuen aurreneko Grand Slamean.
Heninek argi utzi zuen ez zaiola ahaztu tenisean jokatzen. Brisbane hirian jokatu zuen itzulerako lehen torneoan finalera iritsi zen, Clijstersen aurka galdu zuen gainera, eta atzo goizaldean goi-mailako neurketa jokatu zuen Dementievaren aurka bi setetan (7-5 eta 7-6) irabazteko. Aipagarria da norgehiagokak ia hiru orduko iraupena izan zuela, ikaragarri, bi seteko neurketa baterako.
Esan beharrik ez dago, beraz, ez zela bigarren kanporaketako partida soil bat izan, beste edozein torneotan final bat izan zitekeen lasai-lasai, tenislarien maila kontuan izanda. Eta Heninek berak ere aitortu zuen hori: «Oso borroka gogorra izan dugu, eta azkenerako tentsioa nabarmena zen bion artean. Brisbaneko torneoan finalera iristeko aukera izan nuen eta ea hemen ere hori lortzerik daukadan. Hiru ordu gutxiago falta zaizkit horretarako, baina lehiaketa luzea da oraindik».
Ez da ahaztu behar, 18 hilabete geldi egotean, Heninek munduko rankingean zuen postua galdu egin zuela, eta hirugarren torneo bat jokatu beharko duela WTAko sailkapenean agertu ahal izateko. Australiako Irekian, esaterako, gonbidapen bati esker ari da parte hartzen, eta ez berez hala tokatzen zitzaiolako. Orain, hirugarren kanporaketan, beste errusiar batek, Alisa Kleybanova gazteak, izango du Heninen aurka jokatzeko «ohorea», nahiz eta ziur asko berari ez zion grazia handirik egingo.
Eguneko beste neurketetan, faborito nagusiek ez zuten hutsik egin. Clijstersek 6-3 eta 6-3 menderatu zuen Tanasugam tailandiarra eta Nadia Petrovaren aurka jokatu beharko du hurrengo kanporaketa. Dinara Safinak ere erraz gainditu zuen Zahlavova txekiarra (6-3 eta 6-4). Safinak Baltacha britainiarra izango du orain aurkari, Kateryna Bondarenko kalean utzi duen ukrainarra. Svetlana Kuznetsova errusiarrak, azkenik, Pavlyuchenkova herrikidea kanporatu zuen 6-2 eta 6-2.
Gizonezkoen adarrean, faborito nagusiei dagokienez, Juan Martin Del Potro argentinarrari tokatu zitzaion larri ibiltzea. US Openeko txapeldunak bost set behar izan zituen James Blake estatubatuarra kanporatzeko (6-4, 6-7, 5-7, 6-3 eta 10-8).
Bernard Tomic, 16 urteko australiarra, jardunaldiko ezustea ematetik oso gertu ibili zen. Tenislari gazteak bost setera luzatu zuen Marin Cilic kroaziarraren aurka jokatutako neurketa. Cilic, fisikoki askoz indartsuagoa, 6-7, 6-3, 4-6, 6-2 eta 6-4 nagusitu zen azkenean.