GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hondamendiaren aurrean, lehenik interes propioak

Atzo, lehen balantze ofizialaren berri eman ondoren, 75.000 hildako jasotzen duen balantze ikaragarria, eta kopuru hori ikaragarriagoa izan litekeela jakin ondoren, beste lurrikara batek astindu zuen Haiti, hondamendiaren gainean hondamendia jasaten ari den herrialdea. Herrialdeko kaleetan izua zabaldu zen, eta etsipena areagotu.

Horiek horrela, ez da lasaigarririk onena laguntza humanitarioaren inguruan eratu duten ikuskizun negargarria. AEBetako Armadak herrialdearen kontrola eskuratu du laguntza hori antolatzeko aitzakian, eta zenbait herrialdek, arrazoi ezberdinak direla-eta, AEBen erabakian herrialdearen orain arteko egoera okupazio militar bihurtzeko asmoa sumatzen dute. Izan ere, Brasilekiko mesfidantzaren ondorioz, areago Hondurasko estatu kolpearen aurrean izan zuen jarrera ikusita, herrialdea zuzenean kontrolatzeko aitzakia izan lezakete AEBek Haitiko drama. Brasil, NBEren bake misioaren aginte militarra duena, deseroso agertu da, bere prestigioa kolokan jarri diotelako, eta Estatu frantsesak ere maiseatu du AEBen jarrera, Haitin duen protagonismo apurra galtzeko beldurrez. AEBek jaso duten oniritzi bakarra Haitiko Gobernu txotxongiloarena izan da.

Deitoragarria eta etika ezaren erakusgarri itsusia, horrelako hondamendi baten aurrean lehentasuna nork bere interesak izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo