GARA > Idatzia > Kultura

Urteko bertsolaritzaren fruituak «bilduko» ditu asteburuan abian jarriko den Nafarroako Txapelketak

Aurtengoan, 39. edizioan, iaz baino bi partaide gehiago izango ditu txapelketak, guztira 27. Bertsolaritzan azken urteetan izan den belaunaldi aldaketaren ondorioz, bertsolarien gaztetasuna nabarmentzekoa da.

GARA | IRUÑEA

Nafarroako Bertsolari Txapelketak, azken urteetan erakutsi duenaren arabera, lehiaketa hutsetik harago, bertsolaritza sustatzea eta ezagutaraztea ditu xede nagusi. Bide honetan, 27 partaide arituko dira aurten, 39. edizioan. Aurreko urteetan egin den era berean, gehienak lehen saiotik abiatuko dira; baina aurten parte-hartzaile kopuruak gora egin duenez, iaz baino bi gehiago dira, eta iazko sailkapeneko lehen hirurak zuzenean sartuko dira finalaurrekoetara.

Antolatzaileek nabarmendu dutenaren arabera, lau bertsolari lehen aldiz arituko dira lehiaketan: Egoitz Gorosterrazu, Ioar Tainta, Arkaitz Goikoetxea eta Jose Luis Barberia, Zili. Horrez gain, herrialde osora zabaldu nahi dute bertso-zaletasuna, eta, hortaz, herri txikiak, «horren euskaldun ez direnak eta kultura eskaintza urriagoa dutenak» ere kontuan hartu dituzte. Finalerako, Elizondoko Lur aretoa utzi eta Lesakara itzuliko dira aurten, lehengo hura iaz txiki geratu baitzen.

Irudia eta leloa

Lan isil, etengabe baina esker onekoa islatzeko asmoz, aurten «Bildu» leloa aukeratu dute, dituen esangura anitzak kontuan hartuta, hots, elkartu, fruitua jaso edo babestu. Urte osoan buru-belarri lanean aritu ondoren, fruitu gozoa erakusteko abagunetzat hartzen dutelako txapelketa hau.

Horrez gain, hitzorduak lau helburu nagusi dituela azaldu dute. Lehenik eta behin, zaletasuna jada badagoen tokietan sustatzea da xede nagusia, eta aldi berean, jarraitzaile gutxiko lekuetara zabaltzea. Bestalde, herrialdeko bertsolariak ezagutarazi nahi dituzte, hauek motibatuz. «Txapelketak haientzat erakusleiho izan behar du», esan dute, kasu gehienetan ez baitira oso ezagunak. Topaleku bihurtzea ere helburu dute, bertsolaritzaren alde ari diren elkarte eta pertsonen artekoa, hain zuzen ere. Eta azken jomuga bezala, azaldu dutenaren arabera, bertsolaritzak Nafarroan daukan «prestigioa» handitzea.

Final-laurdenak asteburu honetan hasiko dira, larunbatean Aizarotzen eta igandean Sunbillan. Hurrengo astean Agoitzen eta Garesen egitekoak diren beste biekin, final-laurden guztiak osatuko dira. Bakoitzean seina partaide arituko dira, eta horietatik sailkatzen diren hamabostak finalaurrekoetan egongo dira, Julio Soto, Iñigo Olaetxea eta Jon Barberenarekin batera. Finala, azkenik, martxoaren 20an izango da Lesakan, eta bertan zortzi bertsolari arituko dira.

WEBGUNEA

Webgunearen bidez txapelketa jarraitu ahalko da: «www.nafa- rroakotxapelketa.com». Sailkapen eguneratua agertuko da bertan, beste hainbat daturen artean.

Hurrengo saioak

Urtarrilak 23: Lehen final-laurdena, Aizarotz Basaburuko kultur etxea, 17.30ean. Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien, Aimar Karrika, Iker Gorosterrazu, Oier Lakuntza, Arkaitz Goikoetxea.

Urtarrilak 24: Bigarren final-laurdena, Sunbillako Ullibeltza elkartea, 17.30ean. Xabier Legarreta, Aritz Saragueta, Iñaki Aleman, Iñigo Ibarra, Ekaitz Astiz, Egoitz Gorosterrazu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo