GARA > Idatzia > Kultura

Garai berri bati ekinen dio FIPAk heldu den asteko edizioan

Gidaritza talde berri batekin ekinen dio FIPA jaialdiak bere 23. edizioari. Biarritz ikus-entzunezko saioz beteko duen ekimena hilaren 26tik 31ra bitartean ospatuko da. Teresa Cavinak eta Olivier Millek gidatutako lan talde berriaren estreinaldia izanen da.

Idoia ERASO | BIARRITZ

Bi hamarkadatan FIPAko buru izan ondotik, Pierre-Henri Deleauk ordezkaritza orokorra utzi zuen iaz, eta haren ordez Teresa Cavina italiarrak hartu du ikus-entzunezko jaialdiaren gidaritza. Venezia edo Lokarnoko jaialdietan eskarmentudunak, Europako telebista jaialdi garrantzitsueneko hautatzaile lana hartu du bere gain. «Festibalak biziak daude eta aldaketak egin behar dira FIPAren arima errespetatzeko. Horrek ez du esan nahi dena hautsi behar denik, aurretik egina izan dena kontuan hartu gabe» baieztatu zuen ordezkari nagusi berriak.

Hiru urtean behin aldatzen den presidentetzaren eraberritzea egokitu zaio Olivier Mille zuzendari eta produktoreari. Honek ere Cavinaren iritziarekin bat egin zuen jarraikortasunari dagokionez. «Festibal bat ona denean, txoroa izan behar da oinarria aldatzeko. Orain etorkizun on bat aurkitu beharko diogu». Ordezkari nagusia italiarra izateak jaialdiak nazioartean duen oihartzuna handitzeko balioko duela gaineratu zuen. «Nire itxaropena nazioarteko maila garatu ahal izatea da».

Didier Borotra Biarritzeko auzapezak ere nazioarteko atearen irekiera aipatu zuen. «Teresarekin izaera internazionala indartuko da, baita jatorri anitzeko epaimahaikideekin». Aurten euskaldun bat izanen da epaimahaian, hots, Fermin Muguruza musikaria.

Interneten ere bai

Arduradun berriek oinarriak atxiki dituzte, formatua ere errespetatu dute, baina aurten ere berritasun batzuekin heldu da FIPA. Bi izango dira aldaketa nagusiak. Herrialde bati eskainitako begirada berezia urteroko ekimen bilakatu nahi du zuzendaritza berriak.

Aurten Alemaniako ekoizpenak hobeki ezagutzeko parada eskainiko da. Herrialde horretako zuzendari, aktore, ekoizle eta irakasle asko Biarritzera hurbilduko dira Alemaniako ekoizpenei buruzko hainbat mahai-ingurutan parte hartzeko. Dokumentalen, fikzioaren eta musika emankizunen inguruan eztabaidatuko dute.

Interneterako bereziki egin emankizunen galeria bat aurkeztuko da lehen aldiz. Ikus-entzunezkoen eremuan gero eta garrantzi handiagoa daukan sareko produkzioaren baitan egin diren kalitatezko zenbait lanen erakustoki bilakatu nahi du FIPAk. Webguneetan ezarritako hiru dokumental eta hiru fikzio aurkeztuko dira Kasinoan.

«Fikzioaren mugarri berria deskubritzen ari gara», adierazi zuen Olivier Millek. «Telebistan izanen diren aldaketa handiei aurrea hartzen hasiko gara» gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo