Grigoropoulos gaztea hil zuen poliziaren kontrako epaiketa atzeratu egin dute
2008ko abenduan 15 urteko Alexis Grigoropoulos gaztea hiltzea leporatzen dioten Epaminondas Korkoneas poliziaren aurkako epaiketa bertan behera utzi zuten atzo hasi orduko. Epaiketa Atenasen egin ordez, Amfissa hiri txikia hautatu dute, «segurtasun arrazoiengatik».GARA |
Alexis Grigoropoulos ikaslea ustez 2008ko abenduan hiltzeagatik auzipetuta dagoen poliziaren kontrako epaiketa Amfissa hirian hasi eta berehala eten zuten hilaren 22ra arte. Grigoropoulosen heriotzak istilu larriak eragin zituen Grezia osoan.
Epaminondas Korkoneas poliziaren defentsak eskatuta, segurtasun neurri zorrotzekin hasi zen epaiketa bertan behera gelditu zen hasi eta ordu erdira. Beste auzi bat zela medio Korkoneasen abokatua Greziako uharte batean zegoela eta ez zuela Amfissan egoterik argudiatu zuten.
Bai fiskala bai Grigoropoulosen abokatua, Christos Milonopoulos, bat etorri ziren epaiketaren atzeratzearekin akusatuaren abokatua epaitegian ez zegoelako.
Horrez gain, Grigoropoulosen amak ere ezin izan zuen epaiketara joan, osasun arazo larri bat zela-eta bere ama ospitalean zegoelako.
Epaminondas Korkoneas poliziari gaztea nahita hiltzea egozten diote eta Vassilios Saraliotis poliziari haren konplize izatea. Biak 2008ko abendutik behinbehineko espetxean daude.
Korkoneasi bizitza osoko espetxe zigorra ezarri diezaiokete eta Sariloitisi, berriz, 20 urtekoa, gehienez ere. Akusatuen aulkiaren atzean, Alexis Grigoropoulosen aita zegoen eserita, beltzez jantzita.
Epaitegiko gela txikia jendez gainezka zegoen, tartean kazetari ugari zirela.
Poliziak eta manifestariak
Kanpoaldean, epaitegi inguruan hainbat polizia zeuden eta beste 400 Amfissako kaleetan. Hiri honek 12.000 biztanle baino ez ditu eta Parnaso mendiaren magalean dago, Greziako erdialdean.
Epaiketa bertan behera utzi eta bi ordura, 200 lagun inguru udaletxeko plazan bildu ziren, epaitegitik 50 metrora, Amfissako kaleetan manifestazioa egin aurretik. «Hiltzaileak zigortu» eta «txakurrak hiltzaileak» oihukatu zuten manifestariek.
Hildakoaren familiak epaiketa Atenasen egitea nahi bazuen ere, Greziako Auzitegi Gorenak, defentsak eskatuta, hiriburutik kanpo egitea erabaki zuen eta Amfissa aukeratu zuen «segurtasun arrazoiak direla-eta».
Atenaseko Exarkia auzoan 15 urteko Alexis Grigoropoulosen heriotzak istilu larriak eragin zituen Grezia osoan 2008ko abenduan, Poliziaren jokaera bortitza salatzeko.