Lander Garro idazlea
Autoak
Etikarekin zerikusirik daukaten printzipioak, merkatu txikiko galtzerdiak bezalakoak dira, merke saltzen dira, eta erosleek, gainera, erregateatu egin nahi dute, are merkeago erostearren. Norbera ekologista denik esatea, adibidez, ez da modakoa, eta modakoa ez denez, inork ez du izan nahi. Honenbestez, ekologismoaren (lurraren) kontrako erasoak, ia ekologistak baino ugariagoak dira. Eta ez gara haiek salatzera ailegatzen. Garrantzitsuenetan jartzen dugu arreta, eta, arreta han daukagun bitartean, bide barri bat irekitzen dute basoren batean, edo mendixka baten gailurra oso-osorik kentzen dute, Gaintxurizketan bezala, bide bati errei bat eransteko. Eta inork ere ez du txintik esaten, batzuek axola ez zaielako, eta, besteek, ehun kilometrora hondeatzeko makinaren batean kateaturik daudelako. Ia zaratarik atera gabe pasatu den gauzetako bat, auto erosleei emandako diru-laguntzak izan dira. Kontua hauxe zen: jendea autoak erostera bultzatzea, horretarako sosak patrikan sartuz. «Nahi al duzu auto bat?», «Ez bereziki», «Eta zeure kontu korrontean 500 euro sartzen baditugu?», «Tira, orduan bai». Alde batetik errepideetatik autoak atera behar direla esaten dute, eta hirien zentroetan oinezkoentzako kaleak egiten dituzte; bestetik, autoen salmentarako milioika euro xahutzen dituzte gure politikariek. Zer egin? Autoa erosi, ala ez erosi? Astelehen, astearte eta asteazkenean, autoak erosi, ostegunetan eta ostiraletan, lanera joateko bizikleta hartu. Hiritar perfektua. Erotu direla esango nuke, ez balitz dena adar-jotze bat izango: lapurreta handi bat.