Babes zabala AHTren aurka Hendaia eta Irunen artean egingo den manifestazioari
AHT Gelditu! Elkarlanak, ezker abertzaleak, LAB sindikatuak, Berdeek eta Lapurdiko hainbat eragilek beren atxikimendua adierazi diote larunbatean Hendaia eta Irun zeharkatuz egingo duten manifestazioari.
GARA | BILBO
Euskal Herriko hainbat eragilek sostengua adierazi zioten atzo larunbat honetan Hendaia eta Irun zeharkatuko dituen AHTren kontrako manifestazioari. Ezker abertzalea, AHT Gelditu! Elkarlana, LAB sindikatua eta Berdeak-Los Verdes alderdia izan ziren mobilizazioan parte hartzeko deia egin zutenak.
Ezker abertzaleko hautetsiek agerraldia egin zuten atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan ekimenari atxikimendua adierazteko. Prentsaurreko horretan izan ziren, besteak beste, Begoñe Agirre, Bizkaiko batzarkidea, Borja Sarrionaindia, Bilboko hautetsia, Niko Moreno, Elorrioko alkatea, Dabid Cobos, Atxondoko alkatea, Pello Gascon, Irungo hautetsia, eta Miren Legorburu, Hondarribiko hautetsia.
Salatu zutenez, AHT, Supersur delakoa, Muskizko koke planta, Pasaiako superportua, Zubietako errauste planta zein Boroako eta Castejongo zentral termikoak «inposaturiko» proiektuak dira, eta ezker abertzalea guztien kontra dagoela adierazi zuten.
Beraien hitzetan, AHTri lotutakoa da proiektu «larriena», herri honen «etorkizuna mugatzen duelako», eta azpiegitura sustatzen dutenen helburua «diru publikoa eraikuntza eta segurtasun enpresa pribatuen esku jartzea delako».
Aldi berean, AHTren inguruan, herri mugimendua zein ezker abertzalea jasaten ari diten «kriminalizazioa» salatu zuten, eta horren adibide bezala jarri zituzten Aramaioko alkatea auzipetu izana herri galdeketa bat antolatzearren eta Atxondo eta Elorrioko udalak Segi gazte erakundearekin lotu izana.
AHT Gelditu! Elkarlanak larunbateko manifestazioa «indar erakustaldia» izatea nahi duela ere esan zuten Bilbon emandako prentsaurrekoan eta Estatu espainol eta frantsesak egitasmoa «inposatzeko» helburu berbera dutela salatu zuten.
Azaldu zutenez, AHTren aurka dauden herri mugimenduen topaketa egingo dute goizean. Bertan batuko dira Euskal Herriko, Estatu espainol eta frantseseko eta Italiako eragileak, eta eguerdian adierazpen bateratu bat egiteko asmoa dute.
Sostengu anitza Lapurdin
NPA, Abertzaleen Batasuna-Aralar alderdiak, Batasuna, Berdeak, ELB sindikatua, BLE elkartea, Segi gazte erakundea... sostengu anitzak jasotzen ari da heldu den larunbatean Hendaia eta Irun lotuko dituen martxa.
Agiri batean, AHT berria eraiki barik alternatiba hobeak badirela nabarmendu du NPAk (Nouveau Parti Anticapitaliste). Segik, bestalde, «herriz herri borroka antolatuz baizik ez dugu AHT geldiaraziko», ohartarazi du. ABk eta Aralarrek «euskal herritarren beharretara egokitutako garraio politika» aldarrikatu dute. Lur eremuetan eta laborariengan azpiegiturak dituen eraginak nabarmendu dute ELB sindikatuak eta BLE elkarteak. Batasunak, bere aldetik, «biztanleen erabakia errespetatzeko» eskatu du.
Azken asteotan azpiegitura berriaren eraikuntzaren kontrako jarrera duten Lapurdiko hiru herri elkargoetako auzapezek manifestaziorako deialdi publikoak ugaritu dituzte. Aldi berean, udal askok larunbatean Hendaiara joateko doako autobusak antolatu dituzte.