GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

SAN SEBASTIAN EGUNA

Eguzkia lagun, txikiek kolorez bete zuten Donostiako egun handia

Udaletxeko ordulariak 12.00ak jotzearekin batera hasi zen atzo Donostiako haur danborradaren ikuskizuna. Alderdi Ederren abiapuntua jarrita, hiriburuko kaleak zeharkatu zituzten uniforme koloretsuz jantzita 52 eskolatako 5.000 neska-mutil inguruk. Aurreko orduetan etenik gabe aritu zen euriak tarte bat eskaini zuen: lehen danbor soinuekin batera hodei grisen artetik eguzki izpi leunak atera ziren jai giroaz hobeki gozatzeko.

eg1_f01.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Haur danborradako neska eta mutil gaztetxoak zerura begira aritu ziren etengabe atzo goizean, Donostian. Eta arrazoirik behintzat ez zitzaien falta, izan ere, aurreko gauean Konstituzio plazan eguraldi txarrak blai utzi zituen kaleak, baita agertokia ere, eta noski, zori bera pairatuko ote zuten beldur ziren txikiak. Goiza ere kaskar xamar hasi zen. Zeruak ez zuen itxura onik azaldu eta hodeietatik eroritako euri tanta arinek festa zapuzteko zorian zegoela iragarri zuten. Badaezpadako eguraldi honekin ez zen harritzekoa izan parte-hartzaileek agertu zuten kezka.

Urtero legez, pixkanaka, eskola bakoitzak bere lekua hartu zuen udaletxearen aurrean, Alderdi Eder parkean. Desfileari zegokion jarraipena emateko, talde bakoitzak argi adierazia zuen non behar zuen kokatu. Dena prest zegoen Jeneral txikiak hitzaldia eman eta ikuskizuna has zedin.

Ohiturak agintzen duen moduan, 12.00ak izateko minutu gutxi falta ziren horretan, Easo Ederrak -Ane Mendia-, Jenerala -Ion Saenz de Urturi- eta Danbor Nagusia -Leire Borge- udaletxeko balkoi nagusira irten ziren, bertatik hitzaldi bana emateko. «Festaz gozatu» eta «Aupa Donostia» izan ziren entzun ziren esaldietako batzuk, eta horien ostean, haurren txalo zaparrada, danbor eta upel hots bihurtua.

Jeneral txikiak festara gehitzeko gonbita egindakoan, Donostiako Martxa entzun zen bozgorailuetatik Alderdi Ederreko inguruetan, haur danborradari hasiera emanez. Aurtengo edizioan puntualtasun zorrotzaz ekin zioten txikientzat festa handienetakoa denari.

Ordulari zuriak hamabi kanpai hotsez eguerdia zela iragarritakoan entzun zen Sarriegiren martxetako bat atzetik ia 5.000 danbor eta upel hotsez lagunduta.

Eguraldi ederra, jaia hobea

Zehaztasun berberaz agertu zen eguzkia hodei grisen artetik. Izpi leunak ziren, laranja kolorekoak, baina nahikoa izan ziren aurpegiak zer edo zer goxatzeko, baita martxak lasaitasun handiagoaz jotzeko ere. Txikiez gain desfilea ikusteko kaleetan zain zegoen jendearen artean ere entzuten ziren «Eskerrak eguraldiak barkatu duen!» edo «Atzo gaueko euria egingo balu ezingo genuke danborradarik egin» eta gisako iritziak.

Eguzkiaren distirarekin jantzien koloreak ere biziago azaldu ziren bat-batean. Begiratu bakarrean amaigabeak ziruditen uniformeetako gorri, berde, urdin, zuri edota horiek. Kolore eta soinuen arteko nahasketa izan zen bertakoa, izan ere, batetik, belarriaz, milaka danbor eta barril hotsak ziren entzungai. Baina begiez ere gozatzeko parada izan zen, uniformeen bidez sortutako ortzadar koloretsuari esker.

Pixkanaka konpartsak irteten hasi ziren Hernani kalean barrena. Ohiko legez eta antolaketak agintzen duen moduan, Alderdi Ederreko ingurutik ateratzen lehenak Euskal Billerako haurrak izan ziren. Hauek izaten dira urtero Donostiako Alde Zaharreko kaleak zeharkatzen lehenak Santa Maria basilikan meza nagusia eman aurretik, eta usadioak usadio, beraiek dute haur danborrada irekitzeko ardura.

Taldeak irteten hasi ziren neurrian, gainerakoek adi egotea ezinbestekoa zuten, bata mugitu bezain laster heltzen baitzen hurrengoaren txanda. Batzuek arreta beste nonbaiten zuten, eta horren aurrean irakasleren batek jarri behar izan zuen ordena apur bat txikien artean: «Unai, aurrera begira, segituan aterako gara-eta», eskatuz.

Txandari jarraituz

Taldeen jarraipenari dagokionez, amaieran ateratzen direnen artean ere kexuak izan dira azken urteetan, antolaketako arau hau aldatzeko eskatuz. Konpartsaren sorrera-urtearen arabera irteten dira eskolak, beraz berrienek denbora luzeagoaz itxaron behar izaten dute udale- txean. Lehenengoek ibilbidea ia amaituta dutenean irteten dira azkenak. Honi ere erreparatu dio Jon bizilagunak: «Danborrada motel joaten denean jendea aspertu egiten da, eta horregatik gutxiago gelditzen dira azkenak ikustera», arrazoitu zuen. Horregatik, Jonen hitzetan, «zuzenena» guztiak txandatzea izango litzateke.

Orixe Ikastolaren kasua horietako bat da. 52 eskoletatik 51. postuan irteten da, eta azkena, berriz, San Jose eskola da. Bertako ikasle batek desadostasuna azaldu zuen «txandaketa» sistema bidezkoena dela esanez: «Iaz hasierakoek eguraldi ona izan zuten, baina amaierarako kaxkartu, eta euria izan genuen batzuek. Mota honetako gertaerak ekiditeko txandaketa proposatzen dugu, uste baitut bidezkoena dela. Izan ere, denek atera nahi dugu lehenbailehen, ezta?», galdegin zuen neskatoak.

Parte-hartzaileetan jendetza bildu zen, baita ikusleen artean ere, ehunka donostiar eta donostiar ez zena ere hurbildu zen lehen ilaretara. Manu nafarra da eta atzokoarekin lehen aldia zen seme txikia eta emaztearekin batera haur danborrada ikusteko Donostian zena, berak esandakoaren arabera, «ea festa honek zer duen ikustera». Oier, bestalde, donostiarra da, bost urte ditu eta oraingoz ezin du danborra jotzen atera, txikia baita, baina ez zitzaion horregatik gogorik falta: «Oraindik ezin dut danborrarekin atera, baina ikustera etortzea gogoko dut. Osoa-osorik ikusiko dut hemendik», zioen irribarrez espaloian eserita. Eta beste batzuk, berriz, konpartsa zehatz bat ikustera irten ziren kalera: «Giroaz pixka bat gozatu, baina batez ere nire ikasleak ikustera etortzen naiz», zioen Joakinek.

Desfileak erritmo azkarra izan zuen, azken urteetan baino arinago igaro ziren eskola guztiak kaleetatik. Jarraia eta etenik gabekoa, ordu batak paseak zirela amaitu zen aurtengo haur danborrada. «Eguraldia hobetu arren, kili-kolo dago, beraz eskertzekoa izaten da desfilea azkarra izatea», zioen aita batek.

Hilabete luzez gogor entseatu ostean, konturatu orduko amaitu zen umeek irrikatutako eguna; ondo gozatua, halere: «Egun askotan egiten ditugu entseguak eta eguna segituan igarotzen da, baina oso ondo pasatzen dugu eta oroitzapen polita izaten dugu danborradaz», zioen Nereak.

Gaur festa alde batera utzi eta eskolara bueltatzeko eguna dute txikiek. Atzoko kontuak elkarri kontatu eta datorren urteko danborradan pentsatzen jartzeko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo