Krisiak etxebizitzaren merkatua egokitzen lagundu duela diote higiezinen agentziek
Ainize BUTRON | BAIONA
FNAIM Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako higiezinen agentzia gehienak biltzen dituen federazioak krisia dela-eta 2009. urtean higiezinen merkatuan izandako ondorioen berri eman zuen atzo. 2007ra arte hazkundea bost urtez etengabea izan ondoren, bereziki Baiona Angelu Biarritz (BAB) ingurunean eta Donapaule arteko zonan krisiak espekulazioa etetea lortu duela aipatu zuten. Prezioek %15 eta %20 inguru egin dute behera, metro karratua 2.200 eta 3.500 euroren artean kokatuz.
«Krisiak sakonki aldatu ditu jarrerak. 2009. urtearen bukaeran merkatua egonkortu egin da», argitu zuten. Hendaian ere %20 eta %30eko beherakada izan dute salneurriek. Bestalde, Donibane Lohizunen eta Biarritzen krisiak ez du halako ondoriorik izan.
Etxebizitza berri gutxi eraiki dute inguru horretan, eta prezioak bere horretan geratu dira, nahiz eta salmentak gutxitu diren.
Krisia bukatu arte itxaron
Por«BAB eta barnealdean merkatua berpizten ari bada ere, gure aldetik zailagoa da. Ez dugu krisia sumatu, saltzaile askok nahiago izan baitute krisia bukatu arte itxaron etxea salgai jarri aurretik», esan zuen Vincent Poulou lekuko arduradunak.