Juan Mari Beltran: «Txalaparta momentuan gertatzen den zerbait da, ez da errepikatzen»
Iaz argitaratutako «Txalaparta» liburuaren ondotik, Juan Mari Beltranek paperetik taula gainerainoko jauzia egin du «Ttakun Ttan Ttakun» ikuskizunarekin, argia, irudia eta soinua ardatz hartuta.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Iragan abenduan izandako Durangoko Azokan, Juan Mari Beltranek «Txalaparta» (Nerea argitaletxea) liburua aurkeztu zuen, instrumentu historikoaren analisi sakon baten lekuko. Egitasmo hartan, liburu soil bat izan behar zuena CD eta DVD batez osatutako lana bilakatu zen amaieran, eta proiektu horrekin lotura zuzena du gaur arratseko zortzietan Imanol Larzabal aretoan aurkeztuko duen «Ttakun Ttan Ttakun» ikuskizunak.
«Liburua argitaratzeko lanetan ari ginenean, liburu soil bat egitea pentsatu genuen, baina hasi eta berehala ikusi genuen txalapartari buruzko halako egitasmo batek bestelako euskarri bat behar zuela eta horrek eragin zuen CD bat grabatzea. Hemen baldin badago, nolabait esateko, txalapartaren historia, txalapartaren historiaren inbentario bat eta nolako bidea egin duen, eta beste zerbait gehiago ere beharrezkoa zela pentsatu genuen. Lan horretan txalapartaren ibilbideaz, jotzeko eraz, agertokiez hitz egiten dugunez, horiek azaltzeko irudien beharra ere bazela konturatu ginen. Beraz, DVDa ere txertatu genuen», azaldu zuen musikariak.
Liburutik zuzenekora
Liburu hutsala izan behar zuen ideia hura izan zen, beraz, «Ttakun Ttan Ttakunen» abiapuntua. «Historia hori irakurtzen baldin baduzu, entzuten baldin baduzu eta ikusten baldin baduzu, beti geratuko zaizu gauza bat; txalaparta zerbait baldin bada, momentuan gertatzen den zerbait da. Beti irekia dago, hau da, gaur entzun duzuna ez duzu berriz entzungo, berriz ez da berdin emango», nabarmendu zuen.
Hortaz, zuzeneko bat egiteko beharraz ohartuta, Mireia Gabilondo (Tanttaka) eta Jon Maia (Kukai) bidelagun hartuta, argiztapen, soinu eta mugimendu berriak taula gainean jarri zituzten. Bertan, Beltranek eta hiru txalapartarik argiz, irudiz eta soinuz osatutako ibilbide bat aurkezten dute, «hain gurea baina aldi berean hain ezezaguna» den instrumentu horren inguruan.