Leo Belaustegi Alberdi Arrantzale ohia
«Aquí yace la pesca... Entre todos la matamos»
Arrantza sektoreak lan asko eman digu, aberastasun ikaragarriak sortu ditu, ekonomikoak nahiz kulturalak, eta gure ekonomiaren motor nagusia izan da urte askotan. Orain ordea, nora ezean dabil
Hemen agertzen den izenburu honekin amaitzen da Euskal Herriko alturako eta goi alturako armadorerik inportanteenetariko batek plazaratu berri duen zirkularra.
Aipatu zirkularrean, etorkizuneko arrantza politika zehazteko asmoz Europatik zabaldu duten Liburu Berdearen inguruan egin diren biltzarren porrotaz hitz egiten du armadoreak.
Izenburua deigarria da, baina nire ustetan, eta harantzago joanda, arrantza sektorean zerikusia duten eragile guztien gogoeta beharrezkoa da, baita esaldi hori errealitate bihurtzeko ardura izan duten guztiena ere. Eta azken puntu honi dagokionean, gauza bat argi utzi nahiko nuke. Guztiok ez dugula arrantzaren heriotzaren gaineko ardura berbera izan. Arrantza sektorean, arrantzaleen kolektibo handi bat dago, arrantza hiltzen lagundu duguna, baina arrantzalearen biziraupenerako helburuari jarraituz egin duena. Armadoreen kasuan ordea, bizirauteko baino, ikaragarrizko irabaziak izateko eta baliabideak axolagabe txikituz lortu dute arrantzaren etorkizuna zalantzan jartzea.
Zirkularrean, Liburu Berdearen proposamenen aurrean, Euskal Herriko arrantzak jasan ditzakeen ondorioak ere aipatzen ditu. 2013. urterako, arrantza politika aldatu eta itsas ekosistemaren suntsiketa etor daiteke, jadanik, Europako uretan bizi diren espezieen %88 gain-esplotatuta baitago.
Esan bezala, 2009ko azken hiru hilabeteetan, mota guztietako batzarrak antolatu ziren, eta bertara politikariak, armadoreak, OOPP, sindikatua... hurbildu ziren. Helburua, Europar Batasunaren txostenari alternatiba bat aurkeztea zen. Baina tamalez, esan beharra daukat, batzar horietan ez zela inolako akordiorik lortu. Azpisektore bakoitzak, eragile ekonomiko bakoitzak bere proposamenak mantendu nahi izan ditu, bere arrainak, bere kuotak, bere tradizioak eta kudeaketa ekonomikoak, eta denona den baliabide baten jabe sentitu dira. Eta nire ustetan, benetako akordio batera iristeko inolako saiakerarik ez da egon. Sektorea lehiakorra egiteko saiakerarik ere ez da egin.
Arrantza sektoreak lan asko eman digu, aberastasun ikaragarriak sortu ditu, ekonomikoak nahiz kulturalak, eta gure ekonomiaren motor nagusia izan da urte askotan. Orain ordea, noraezean dabil. Gero eta jende gutxiago bizi da arrantzatik, ontziak saldu edo lotu egin dira eta arrantza eskubideak gutxitzen doaz, eta guztia arrantza politika jakinik gabe arrantzatu delako. Arrantzak errentagarri izateari utzi dio, arrantzaleak lan baldintza txarretan ari dira lanean eta gure gazteek ez dute itsasora joan nahi. Errealitate honen aurrean, ez da normala egin ditugun bilkuretan adostasunik lortu ez izana. Arrantzak etorkizuneko akordioak behar ditu.
Bakoitzak duen horri eutsi nahi izan dio, eta ez du nahi izan, sektorearen etorkizunera begira, gutxi hori arriskatu. Gehientsuen helburua jubilatu artean hala-nola aurrera egitea da. Ez gara batasun bat lortzeko gai izan. Sektore baten ordezkari ginen neurrian, ez dugu sektorearen planteamendu orokor bat aurkeztea lortu, azpisektoreen arteko borrokak saihestu gabe. Ez da Ipar Euskal Herriarekin inolako harremanik izateko aukerarik ere landu.
Egun, duela urte gutxi eraberritutako ontziteria daukagu, baina ez baxurak eta ez alturak ez diote jarduerari errentagarritasunik ateratzen. Arrantzategiak baldintza txarretan daude eta gero eta arrain gutxiago harrapatzen da. Hala eta guztiz ere, ez da kudeaketa errentagarri eta jasangarri bat egiteko planteamendurik jaio batzarrotatik.
Euskal nazioaren etorkizunerako arrantza politikarik gabe geratuko garela dirudi, ez baita oraingoz behintzat akordiorik lortu. Nire ustetan, itsas baliabideak modu egoki baten kudeatuz errentagarritasuna lortzeko aukera badago oraindik, gehiegizko harrapaketarik gabe eta harrapatzen den horri errentagarritasuna bilatuz: zuzeneko komertzializazioa, arrantzaleak berak kontrolaturiko komertzializazio baten bitartez, eta non irabaziak arrantzaleak berak kudeatuko dituen. Ez da berandu lan baldintza duin eta etorkizunerako gazteen parte-hartzea ziurtatuko duen sektorea antolatzeko, berriro ere, gure kai eta herriek izan zuten aberastasun hori berreskuratzeko.
Hori lortzea oraindik posible da. Baina arrantza sektoreaz arduratzen direnak ea horretarako gai diren galdetu beharko genuke, haiekin, arrantzak ez baitu etorkizunik eta Euskal Herriak ez du halakorik merezi.