GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Riazorrera bisitan

Zalantzak eta ziurtasunak

Athletic Europarako txartela eskaintzen duten postuetara itzuliko da gaur Riazorren irabaziz gero. Bilbotarrek joan den asteko garaipenaren bultzada aprobetxatu nahi dute, Kopan jasotako jipoia nabaritu dezakeen aurkaria gainditzeko.

p032_f02_58372.jpg

DEPORTIVO - ATHLETIC

Amaia U. LASAGABASTER

Riazorren irabaziz gero, Athleticek Europarako txartela eskaintzen duten postuetan emango dio amaiera lehen itzuliari. Joan den larunbatean egindakoari jarraipena ematen badio, helburu hori eskuratzeko aukera handiak izango ditu.

Horra ziurtasunak. Hortik aurrera, zalantzak. Lehenbizikoak Athletici berari dagozkie, aurrekariek ez baitute baikor izateko arrazoirik ematen. Orain arte, bilbotarrek ezin izan dituzte halako aukerak aprobetxatu eta, gainera, azken urteotan ez da batere arraroa izan ikusmina piztu duten sekulako partiden ondoren, tamaina berbereko deskalabruak egitea -jokalariek oraingoan nabarmendu dute, baina, arrisku hori baztertuta dagoela-.

Bigarren zalantza sorta, berriz, aurkariari dagokio. Denboraldi dotorea gauzatzen ari da Deportivo -bere bosgarren postua, adierazlerik onena-, baina azken egunotan bi jipoi jasan ditu, Mallorcaren aurka bere sailkapena indartzeko aukera galduz eta, asteazkenean, Kopako bidea izugarri ilunduz, Sevillak sartutako hiru golekin. Ikustear dago zuri-urdinek nola erantzungo duten, amorruz ala etsipenez.

Hirugarren zalantza da, azkenik, garrantzitsuena, eta partidari berari dagokio. Behin baloia jokoan ipinita, edozer gerta daiteke eta horretan datza kirolaren erakargarritasuna. Are gehiago kasu honetan, Europako lehiaketak jokoan egonda, eta argudio sendoak aurkeztu ditzaketen bi taldeak aurrez aurre egonda. Gainera, partida Riazorren jokatzeak indarrak parekatzen ditu, Deportivo indartsu baitabil etxean eta are indartsuago Athletic etxetik kanpo, azken bi bidaietan puntu bakarra lortu duen arren.

Bere ibilbidea, baina, ontzat hartu behar da, eta beraz, ez da iraultzarik egongo talde zuri-gorrian. Ustekaberik ezean, aldaketa bakarra, eta derrigorrez egin beharrekoa, egingo du gaur Joaquin Caparrosek, Markel Susaeta Carlos Gurpegi zigortuaren postuan kokatuz. Deportivori dagokionez, Lotinak ez du argitu bost atzelarirekin jokatuko duen -Sevillaren aurkakoan bezala- ala ohiko sistemara itzuliko den.

«Deskonektatu»

Caparrosi, dirudienez, ez zaio aurkariaren joko sistema gehiegi axola, edonola ere «oso partida zaila» espero baitu. Ezta galiziarren egoera animikoa ere. «Profesionalak dira eta badakite nola deskonektatu partida batetik bestera», esan zuen.

Zuri-gorrien entrenatzailearen esanetan, Deportivo «sekulako denboraldia gauzatzen ari da. Etxean, gainera, indartsu dabil: oso zaila da gola egitea eta beraiek, berriz, badakite aukera txikiena aprobetxatzen». Gainera, «oso ondo landuta dago, entrenatzaile bikain baten eskutik», gaineratu zuen.

Caparrosek, halere, ez du aurkaria bere taldearen gainetik jartzen. Atzo, behintzat, «oso parekatuta dauden talde bi» neurtuko direla esan zuen, eta «zelaiaren gaineko antolakuntzari dagokionez ere antzekoak» direnak.

Utrerakoak, azkenik, ez du uste azken egunotako zalapartak ondorioak ekarriko dituenik. «Taldeak hazten jarrai dezan baliagarria izango dela espero dudan arren, Real Madrilen aurkako garaipena ahaztu dugu dagoeneko -azpimarratu zuen Caparrosek-. Ulergarria da ingurukoak horrekin bueltaka egotea, baina profesionalak deskonektatu egin behar du partida amaitu bezain laster».

 
OSPAKIZUNA

Markel Susaeta hamaikakora itzuliko da, Carlos Gurpegi zigortua ordezkatzeko. Eibartarrak badauka zer ospatu beraz, gaurkoa bere ehungarren partida ofiziala izango baitu kamiseta zuri-gorriarekin.

Momentuz ez dago hitzarmenik Eibarrekin

Fernando Garcia Macuak Athleticek otsailean Ipuruan jokatuko duen lagunartekoaren aurkezpenean parte hartu zuen atzo baina, zurrumurruek kontrakoa dioten arren, Eibarrekin momentuz hitzarmenik ez dagoela ziurtatu zuen, harremanak oso onak izan arren.

Etxeitari ebakuntza egin diote Munichen

Xabi Etxeitari ebakuntza egin zion atzo Munichen Muschawek sendagileak. Normaltasun osoz joan zen ebakuntza eta, beraz, bi eguneko atsedena besterik ez du hartuko jokalariak etxean, astelehenean sendatze eta berregokitzapen lanari ekin aurretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo