Hamaika argudio AHTren aurka
Gaur arratsaldean, Euskal Herri osoan abiadura handiko trenaren egitasmoaren aurka lan egiten duten mugimenduak zein lagunak bilduko ditu Hendaiak, bertan eta Irunen barrena erakusteko propagandak eta gezurrek, errepresioak eta kriminalizazioak ez dutela mugimenduok inposizioari men egitea lortu, Urbinan (Araba) Ertzaintza AHTren aurkako manifestariei oldartu eta urtebetera, hain zuzen. Azken urteotan, AHTk hainbat arlotan dakartzan kalteez argudio sendoak eman dituzte haren kontrako mugimenduek; zentzuzko alternatibak aurkeztu, hala nola tren soziala, eta herritarren iritzia kontuan hartzeko eskatu. Proiektua nola edo hala aurrera atera nahi dutenek, berriz, ez dute argudiorik eman, ez benetako argudiorik behinik behin, gezurrezko zuribideak baizik, eta gizarte-eztabaida ukatu dute, beren izaera «demokratikoa» noraino iristen den agerian utzita.
AHTren proiektuak krisiak jota dagoen eredu ekonomiko eta sozial bat ordezkatzen du, eredu bidegabe horri eusteko herritar gehienek ordaindu behar duten prezioaren erakusgarri tristea da. Eta eredu hori bezala, propaganda eta inposizioa baliatzen ditu. Haren funtsa, berriz, etekina da, baina ez herritarren eta ingurumenaren etekina, baizik eta bakan batzuen etekin ikaragarria. Horien esanetara daude instituzioak, publikoak omen direnak, alegia.