EAEko anbulantzien sektorean bost eguneko grebara deitu dute LAB eta ELAk
GARA
LAB eta ELA sindikatuek greba deia egin dute hurrengo otsailaren 15, 16, 17, 18 eta 19rako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako anbulantzien sektorean. «Bagenuen argi patronalak ez duela negoziatu nahi, Osasun Departamentuak ez duela hitz egin nahi irtenbide bat bilatzeko, eta orain argi dugu ere Lan Departamentuak gatazkan bitartekari izateari uko egitea erabaki duela», adierazi dute zentral biek prentsa ohar batean.
Diotenez, Lakuako Gobernuak pasibotasuna erakutsi du. Enplegu Sailekoek oraindik ez diete erantzun langileen ordezkariekin batzartzeko eskaerei, baina LAB eta ELAren ustez sail horren jokabidea are salagarriagoa da gutxieneko zerbitzuei buruzko bilerarik deituko ez duela jakinarazi ondoren. Azaldu dutenez, orain arte batzar horiek egoera desblokeatzeko erabili ohi dira, baina azken erantzunak suposatzen du «gutxieneko zerbitzuak inposatuko» dituztela, «gatazkak elkarrizketaren bidezko irtenbiderik izan dezakeen aztertu gabe».
Salaketaren arabera, Lakuak «nahiago du EAEko anbulantzien sektoreko langileek lan hitzarmen duinik gabe izatea», eta «erabiltzaileek greba egunen eraginak pairatzea», gatazkako alde biak eserarazten saiatu eta irtenbide bat bilatzea baino.