Aizkora Urrezko lehiaketa
Garaipenak bakarrik balio die Mujikari eta Zubiagari
Gipuzkoarrak eta arabarrak bihar eguerdian Lekunberriko pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak Arrospideren eta Erasunen aurka. Irabazi ezean, lehiaketatik kanpo geratuko dira.
Jon LEUNDA
Asteburu erabakigarria izango da hau Zubiagarentzat eta Mujikarentzat, izan ere aurtengo Urrezko Aizkoran azkeneko jardunaldia izan baitaiteke arabarrarentzat eta gipuzkoarrarentzat. Aurrera egiteko, Arrospide eta Erasun mendean hartu beharra daukate.
Multzo honetako bigarren jardunaldia izango da. Lehenengoan Arriak eta Txapartegik mendean hartu zituzten Zubiaga eta Mujika, eta kontuan hartuta hirutik bi sailkatzen direla, bihar irabazteak besterik ez die balio azken hauei, bestela lehiaketatik kanpo geratuko baitira. Garaipena lortuta, berriz, azkeneko jardunaldian Arrospide-Erasunek eta Arria-Txapartegik zer egiten duten ikusi arte itxaron beharko dute.
Aurkari gogorrak dituzte gaurkoan, ordea. Eskarmentua eta kalitatea, gaztetasunarekin eta etorkizunarekin batuta arituko baitira. Arrospidek ez dauka inori ezer erakutsi beharrik, aizkolaritzak eman duen handienetakoa baita. Erasunek, aldiz, 18 urte besterik ez ditu, eta zaleek sekulako itxaropenak dituzte berarengan jarrita.
Lan hauek, gainera, oso aproposak dira Arrospiderentzat, zutikako lanetan inork gutxik egiten baitio aurre. Erasunek ere primeran aritzeko aukerak dauzka bere babesean, eta zaleen ustez garaipena erdiesteko faborito aterako dira. Mujikak eta Zubiagak dena ongi egin beharko dute, bihar 12.00etatik aurrera Lekunberrin jokatuko den saioa irabazteko.
Hala ere, ez da izango Lekunberrin ikusiko den norgehiagoka bakarra, izan ere Zilarrezko Aizkora abian jarriko baita. Orain arte, maila nagusiaz gain, 23 eta 18 urtez azpiko lehiaketak jokatu izan dira, baina aurten Zilarrezko Aizkora antolatu dute, eta aizkolari gazteak, eta maila nagusian sartu ez diren aizkolariak batera arituko dira. Hasteko, Erdozia eta Saralegi II.a neurtuko dira Vazquezen eta Beltzaren aurka. Lehen bikoan, lehiaketako aizkolaririk zaharrena eta gazteena arituko dira, eta beraiek dira, gainera, garaipena erdiesteko faborito nagusiak. Erdoziak badaki maila nagusiko Urrezko Aizkorako finalak jokatzea zer den ere, eta Saralegik, berriz, orain dela gutxi Euskal Herriko gazte mailako txapela lortu berri du.