Harri-jasotzea
Zortzi kirolari neurtuko dira lanean Iraetan, bertako «Errota Harria»rekin
J.L.
Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Irigoien, Ostolatza, Bertiz, Urrutia eta Belloso neurtuko dira bihar 18.00etatik aurrera Iraetan jokatuko den lehiaketa berezian. Bertan, «Errota Harri» izeneko harri berezia erabiliko dute. Harri honek 109 kilo pisatzen ditu.
Txapelketa bi saiotan jokatuko da. Hasteko, denak arituko dira lanean, eta bakoitzak bost minutu izango ditu harria jasotzeko. Hori amaitutakoan, lau onenak sailkatuko dira finalerako, eta horiek bost minutuko beste saio bat egin beharko dute, eta orduan erabakiko da saria nork jasoko duen.
Txapelketa hau urte askotan jokatu gabe egon ostean, orain dela bi urte hasi ziren jokatzen, eta orduan bi urtetik behin jokatzea erabaki zuten. Azkeneko txapelduna Izeta II.a da. Aiarrak guztira 75 jasoaldi eman zituen. Lehen txandan 40 eman zituen, eta bigarrengoan 35. Orduan ere 5 minutuko bi txanda izan zituzten. Bera eta Irigoien izango dira garaipena lortzeko faborito nagusiak.