Sokatira
Amaiurrek lehen jardunaldikoa kasualitatea ez zela izan erakutsi nahi du
J.L.
Goma Gaineko Euskal Herriko Txapelketan bigarren jardunaldia jokatuko dute Lakuntzan 600 kiloan eta 540 kiloan, 17.00etatik aurrera.
600 kiloan, Abadiño A, Abadiño B, Barrundia, Sokarri, Ñapurrak, Berriozar eta Amaiur lehiatuko dira. Lehen jardunaldian Amaiurrek eman zuen ezustekoa Abadiñorekin berdinduta, eta nafarrek hura ez zela kasualitatea izan erakutsi nahiko dute Lakuntzan.
Abadiño da txapelak lortzeko faborito nagusia, baita gaurkoa irabazteko ere, baina badirudi aurtengoan inoiz baino estuago hartuko duela Amaiurrek, nahiz eta hori gaurko saioan ikusi beharko den.
Emakumezkoetan, Badaiotz, Beti Gazte, Ibarra eta Sakana neurtuko dira. Lehen jardunaldian Badaiotz jaun eta jabe izan zen, eta arabarrek besteak baino koska bat gorago daudela erakutsi zuten. Gaurkoan ere horrela izango ez balitz ezuste handi samarra izango litzateke.
Bigarren posturako lehia polita iragartzen dute Beti Gaztek eta Sakanak, bi talde nafarrek, oraindik hauek baino atzeraxeago ikusten baita Ibarrako taldea, baina hauek oraindik berriak ere badira.