GARA > Idatzia > Kultura

Luther Blissett italiarren «Q» eleberri arrakastatsua, «lehenbizikoz euskaraz»

Luther Blissett idazle italiarren «Q» eleberriaren euskarazko itzulpena plazaratu du Ekoizpen Galduak argitaletxeak, XVI. mendeko kontraerreforma kristaua garatzen den Europan girotutako liburu arrakastatsua.

p042_f01_147x100.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

AC Milano futbol taldean aritutako jokalari baten izena da Luther Blissett, eta horixe baliatu zuten 1990eko hamarkadan militante politiko antiautoritario talde batek euren ekintzak sinatzeko. Izen horrekin kaleratu zen 1999an «Q» eleberri korala eta dagoeneko 200.000 aletik gora saldu dira jatorrizko hizkuntzan, italieraz. Hizkuntza askotara itzulia izan da eta orain, azalean ageri den moduan, «lehenbizikoz euskaraz» irakurtzeko aukera eskaintzen du Ekoizpen Galduak argitaletxeak.

Jorratzen dituen gaiengatik eta pertsonaiengatik, Humberto Ecoren «Il nome della Rossa»rekin alderatu izan dute kritikariek, nahiz eta epe aldetik 300 urteko aldea izan. 1517. urte inguruan kokatzen da istorioa. Alemanian Karlos V.a enperadorearen, printze alemaniarren eta beste boteredunen agindupean bizi dira eta Eliza erromatarrak obren bidezko justifikazioa bultzatzen du, bekatuak prezio onean barkatuz. Salerosketa horrek lotsatuta, Martin Lutero agustindar fraideak honen aurkako tesiak jartzen ditu Wittenbergeko katedralaren sarreran.

Liburuko protagonistak Europan zehar egindako 30 urteko bidaia kontatzen da. Hainbat matxinadatan parte hartuko du: Thomas Müntzerrekin batera borrokatuko da laborarien gudan, Münsterreko Iraultzan bertan izango da... Bidaia horretan, ordea, Erromako Eliza katolikoko Guiovanni Pietro kardinalaren Q izeneko espia batek jarraituko du.

XVI. mendearen erretratua

Liburuak ezin hobeto deskribatzen du garai hartako pertsonaien bizimodua eta izan ziren mugimenduak. Azaletik begiratuta, nobela poliziakoa dela esan daiteke, thriller bat. Baina sakonean hori baino gehiago da. Atzoko aurkezpenean, garai hura landu duen Edorta Jimenez idazlea ere bertan izan zen. «Garaia ezagututa, harrigarria da nola egiten dituen pertsonaien erretratuak eta interes politikoak nola azaltzen dituen. Zelan janzten duten hori zoragarria da, zelako sarraskiak dauden, botereak nola maneiatzen dituen hari guztiak», adierazi zuen eta gaur egungo egoerarekin ere alderatu zuen. «Mendeak igarota bere horretan segitzen dugu, ustez ukitu ezinak diren liburuak irakurriz eta interpretatuz. Anarkista, marxista, komunista... izenak ahaztu. Heterodoxiak batzen gaitu, utopia amesten jarraitzen dugu. Matxinadaren eskubidea aldarrikatzen da».

Luther Blissett egileek «sormen aldetik bere buruaz beste egitea» erabaki zuten eta Wu Ming izena hartu dute azken urteetan (mandarinez «izenik ez» esan nahi du). Bakarka (Wu Ming 1, Wu Ming 5...) zein taldeka kaleratzen dituzte lanak. Argitaratutakoen artean dago berriki gaztelaniara itzuli den «Manituana», estatubatuar gizartearen sorreraren inguruko trilogiaren lehen atala.

Liburua hogei euroan eskuratu daiteke eta euskarazko bertsio honetan, Jtxo Estebaranzek idatzitako «Nabarra eta hirugarren urteko igualitaristak» liburuxka dakar opari. Baina argitaletxeak bat egin du egileen Copyleft filosofiarekin eta doan deskargatzeko aukera eskaintzen du Interneteko hiru ataritan: www.wumingfoundation.com (egileen webgunea), abaingoardia.wordpress.com (argitaratzailearen bloga) eta www.ddtgatazka.com.

Fitxa

Titulua: «Q».

Egilea: Luther Blissett.

Argitaletxea: Ekoizpen Galduak.

Orrialde kopurua: 600.

Prezioa: 20 euro.

Interneten: www.wumingfoundation.com.

abaingoardia.wordpress.com

www.ddtgatazka.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo