Arabako sagardogileek txotx denboraldia hasi dute, Trebiņu sagardotegian
GARA
Aurreko igandean txotx garaiari harrera egin zioten Hernanin, eta atzokoan Arabako txanda izan zen. Hain zuzen ere, Arabako sagardogileek denboraldia hasi zuten Askartzako Trebiñu sagardotegian.
Aurtengo sagardo berria dastatzeko zita 19.30erako jarria zuten, Gasteiztik hogei bat kilometrora dagoen herrian.
Halakoetan ohikoa denez, txalapartariak, trikitilariak eta bertsolariak giroa alaitzen ibili ziren. Uztaren lehen upela zabaldu eta lehenengo sagardoa dastatzea Uda-Trebiñu elkarte gonbidatuaren eskutik etorri zen. 1986. urtean sortu zen Uda-Trebiñu elkartea eta arlo soziokulturalean lanean aritzen da. Trebiñu Araba dela defendatzeko helburuarekin sortu zen elkartea eta, hortaz, Arabako herrialdearen parte izan dadin lanean dihardute gaur egun ere.
Atzoko lehen txotx-aren osteko erritmoa ez eteteko, gaurko ere jaialdi txiki bat antolatu dute. Aramaioko Iturrieta sagardotegian izango da, eta besteak beste, Gasteizko trikitixa eskolako lagunak izango dituzte bertan, 19.30etik 21.00ak bitartean. Jarraian, aurretik enkargua eginez gero, bertan afaltzeko abagunea izango da.