GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iparraldean barnako biraren inguruan, gazteen «harrera ona» nabarmendu du Segik

Urrian hasitako kanpainaren barruan, Ipar Euskal Herriko hainbat herritan egindako ekimenetan gazteriaren parte hartzea «baikorki» baloratu du Segik. Martxoaren 6rako Gazte Eguna antolatzen ari da Makean.

p013_f0230296.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Segik urrian hasitako «Euskal Gazteria Aitzina!» kanpainak bide erdia egina duela, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hainbat herritan bertako gazteekin eta gazte-elkarteekin izandako eztabaidak eta hartu-emanak «oso positibotzat» jo dituzte, Baionan, gazte erakundeko hogei bat kidek eskaini duten prentsaurrean.

Biraren helburua ahalik eta gazte gehienekin mintzatzea da, batez ere, «euskal gazteriak pairatzen dituen bi eraso nagusien» inguruan.

Errepresioaz eztabaida

Batetik, gazteria «kapitalismoaren baloreen eta hizkuntza eta kultura frantsesaren» errotan sartzeko helburuarekin Estatu frantsesak egunerokotasunean garatzen duen «asimi- lazio politikaz». Bestetik, «argiago islatzen den erasoaz, hots, errepresioaz». Segirentzat berebiziko garrantzia du «gero eta errepresio bortitzago horren zergatiaz eta eraginaz eztabaidatzea».

Horretaz guztiaz mintzatzeko elkartu izana, «erasoari erantzuna ematen hastea» dela uste du gazte erakundeak. Horregatik, orain artean egin dituzten topaketetan izandako «harrera ona eta parte hartze zabala» nabarmenduta, dei egin diete gazteei aurrerantzean ere egingo diren mobilizazio eta ekimenetan parte hartzera.

M-6, Gazte Eguna

Gazteak bereziki animatu nahi dituzte martxoaren 6an Makean egingo den Gazte Egunera joan daitezen. Egun hori «Parisi eta Madrili borroka guztiak bateratu ditzakegula erakusteko aukera berria» izango dela uste dute. Izan ere, Segirentzat gazteak hamaika alorretan ari dira «borrokan eta alternatibak eraikitzen», besteak beste, laborantzan, irakaskuntzan, kulturan edota espekulazioaren eta turistifikazioaren kontra. Horrenbestez, antolatu duten Gazte Eguna «borroka horien guztien isla» izatea nahi dute gazteek.

10.00etatik goiti, azterketari eta eztabaidari ekingo diote, ondoren egungo egoeraren diagnostikoa jorratu eta etorkizunean eman beharreko urratsak finkatzeko.

Herri bazkariaren ostean, 19.00etan, martxa egingo dute jai giroan Makeako karriketan. Kalejira horretan bertako elkarteak izango dituzte lagun eta trinketean egingo den ekitaldi politikoari bide emango diote horrela. Eguna amaitzeko, bestalde, kontzertuak izango dira. Otsailaren 15etik aurrera, egun osorako txartelak salgai izanen dira 20 eurotan ohiko tokietan.

Bestalde, Akitaniako Kontseiluko hauteskundeetan EHBairen eskutik «protesta boza» ematera dei egin zuen Segik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo