GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Arrospide eta Erasun txapelaren lehiarako prest dira

Zubiaga-Mujika mendean hartuta, final-laurdenetan sartu ziren proba guztietan garaile atera ostean.

p038_f02_29768.jpg

Jon LEUNDA I

Arrospidek eta Erasunek Urrezko Aizkorako final-laurdenetan izateko txartela eskuratu zuten atzo Lekunberrin jokatu zen saioan, Mujika eta Zubiaga mendean hartuta. Multzoko bigarren gisa sailkatuko dira, eta multzoko lehenengo, berriz, Arria eta Txapartegi izango dira, Zubiagari eta Mujikari atzo Leaburukoak eta Aurtizkoak atera zietena baino alde handiagoa atera baitzieten.

Arrospide eta Erasun ziren irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, saioko proba guztietan garaile atera baitziren. Hala ere, aldeak ez ziren ikaragarriak izan. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasteko; irabazleek 30 kolpetan erdibitu zuten enborra, eta hiruko aldea atera zieten Zubiagari eta Mujikari.

Bigarrenean, 60 ontzakoa txanda librean zutik jarrita moztu behar zuten, eta berriro ere Arrrospide eta Erasun atera ziren garaile. 2.10 izan zen beraien denbora, eta 2.42 galtzaileena. Jarraian bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, eta berriro ere faboritoak nagusi. 1.26 izan zen beraien denbora, eta lau segundoko tartea lortu zuten.

Laugarren lanean, 45 ontzako bat etzanda eta beste bat zutik moztu behar zuten, eta hor ere ez zuten barkatu Arrospidek eta Erasunek. 1.47 izan zen beraien denbora, eta 2.08 aurkariena.

Azken-aurreko lanean bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten, eta berriro ere faboritoak gailendu ziren. 3.56 izan zen beraien denbora eta 4.19, berriz, Zubiagarena eta Mujikarena. Ekinaldia amaitzeko bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten, eta Arrospide eta Erasun izan ziren irabazle. 9.42 izan zen beraien denbora eta zazpi segundoko aldea lortu zuten. Lan guztiak burutzeko, 19 minutu eta 22 segundo behar izan zituzten Arrospidek eta Erasunek, eta 20 minutu eta 54 segundo, berriz, Mujikak eta Zubiagak. Beraz, azken hauek kanpoan geratu dira.

Zilarrezko Aizkoran lehen kanporaketa jokatu zen atzo Lekunberrin bertan, eta Erdoziak eta Saralegi II.ak lortu zuten hurrengo kanporaketan izateko txartela, Vazquez eta Beltza mendean hartu ostean. Etxarrikoak eta Leitzakoak 13 minutu eta 15 minutu behar izan zituzten lanak amaitzeko, eta 13 minutu eta 34 segundo, berriz, Beltzak eta Vazquezek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo