Arrasateko Des-kontrol taldeko kideak jipoitu zituzten Barakaldon
GARA |
Des-kontrol taldeak Barakaldoko San Bizente jaietan jo behar zuen ostiralean Noizer eta Porco Bravoren ostean. Kontzertua, ordea, bertan behera gelditu zen sei taldekideek, soinu teknikariak eta eurekin zihoan lagun batek jaso zuten jipoiagatik. Taldeko zenbait jarraitzaile ere kolpekatu zituzten.
Kontzertura hurbildutako hainbat testiguk GARAri kontatu ziotenez, «horretara joandako» hirurogei pertsona inguruk egin zieten eraso burdinazko bate eta ukabil amerikarrekin. Taldekide bat San Eloy ospitalera eraman zuten udaltzainek buruan zuen ebakiagatik artatu zezaten. Zortzi puntu eman behar izan zizkioten eta, antza denez, buruko odol-hodi bat lehertuta dauka. Beste bati besoa hautsi zioten eta gainerakoek kolpeak eta ostikadak jaso zituzten. Olga Santamaria Barakaldoko Hiri Segurtasunerako zinegotziak adierazi zuenez, «oso azkar gertatu zen dena, udaltzainak iritsi zirenerako ez baitzegoen ezer».
Des-kontroleko kide batek honela azaldu zuen ostiralean bizitakoa: «18.30ean soinu proba egin eta 21.30 aldera afaltzera joan ginen. Bat-batean tipo batzuk etorri zitzaizkigun esanez gure furgoneta inguruan 40-60 pertsona zebiltzala eta itxura txarra hartzen ziotela». Haranzko bidea hartu zuten orduan. «Taldeka bilduta, hogeinaka bezala ikusi genituen». Orduan etorri zen lehenengo kolpea: «Bat-batean tipo bat atzetik etorri zen burdinazko porra batekin eta buruan, loki gainean kolpe bat eman zion bati. Hau lurrera erori zen eta guztioi eman eta eman hasi ziren, lurrean ginela bota militarrekin buruan ostikoak emanez».
«Faxistak eta naziak»
Antza denez, «faxistak eta anbiguoak» izatea egozten diete musikari hauei. «Hartu gure letrak, gure historia irakurri, zein kontzertutan hartu dugun parte, eta uste dut argi dagoela ez garela inola ere anbiguoak. Disko bat ere atera genuen -«Hipokrisia eta Faxismoaren aurka»- eta Barricadako jendeak, Garik, Fermin Muguruzak eta Xabier Silveirak hartu zuten parte. Uste dut argi gelditu zela», esan zuen taldekideak. Salaketa jarri dute eta, lesioetatik osatutakoan zein neurri hartu pentsatuko dutela adierazi dute.
San Bizenteko jai batzordeak ere publikoki salatu nahi izan zuen erasoa. «Gertakari hauen inguruan zeuden pertsonak arriskuan jarri eta taldeko partaideak larriki zauritu zituzten (...). Era berean, talde honekin erlaziorik ez zeukaten pertsonei ere eraso egin zieten. Horrez gain, gertakari honek, inguruko tabernetan eragin zuzena izan zuen. Horregatik, San Bizenteko jai batzordeak, ez du pertsona talde horren jarrera ulertzen, ezta alternatibarik planteatu ez izana ere».