Amagoia Mujika kazetaria
Bere laurogei urteek inbidia ematen didate
Bere laurogei urteek inbidia ematen didate. Duela hamar inguru erabaki zuen dagoeneko bere txanda zela, bizitza osoa besteei begira eta besteak zaintzen pasatu eta gero, bazela garaia bere buruari begira jartzeko. Imajinatzen dut egun hartan ispiluan begiratu eta bere burua aurkeztu ziola parean ikusi zuen andre eder horri. Eta berdeak izugarri ondo ematen ziola pentsatu zuela. Aurretik inoiz ez zuen pentsatu zein kolorek ematen zion ondo edo gaizki. Ze gauza tristea, ezta?
Zenbat gustatzen zaion ispiluaren aurrean jartzea eta parekoarekin hizketan jardutea. Zenbat gustatzen zaion bere etxeko isiltasuna. Hainbeste jenderen iskanbila jasan duten paretek deskantsua hartu dute eta horixe transmititzen dute, patxada. Noizean behin betetzen zaio etxea jendez, eta gustura hartzen ditu seme-alaben eta biloben builak eta igurtziak. Baina ez da haiei begira bizi, ez da joan direnei begira bizi, behingoagatik ispiluari begira bizi da, bere buruari begira. Gertuko batzuek ez dute ulertzen zergatik ja ez dituen hogei lagunentzako bazkari oparo haiek prestatzen. Ba, segur aski, bazkari oparo haietan bera ez zelako eseri ere egiten. Nahiago du inor etxera gonbidatu baino, bera inoren etxera gonbidatua izan.
Pena bakarra dauka, berdeak ondo ematen diola, pareten patxada gustatzen zaiola, lagunekin partxisean aritzeak txoratu egiten duela eta besteen etxera gonbidatu bezala joatea atsegin duela lehenago ez deskubritu izana. Baina inoiz ez da berandu, ezta? Berriz esan zidan atzo urteak betetzea ez dela gauza txarra; urteak pasatzen uztea baietz. Eta berak badaki zerbait.