GARA > Idatzia > Ekonomia

«Balio teknologiko handiko» enpresak bilduko ditu Goierri Berrikuntza Guneak

p024_f01_148x107.jpg

Amaia ZURUTUZA

Goierri Fundazioak bultzatuta Goierri Berrikuntza Gunearen egoitza nagusia inauguratu zuten atzo Ordizian. Goierri Fundazioa bailarako 18 udalek eta 40 enpresak osatzen dute eta eskualdeko garapen soziekonomikoa bultzatzea da bere helburu nagusia.

Berrikuntza Gune honen proiektu osoak 20.300 metro karratuko azalera beteko du eta eremua «balio teknologiko handiko» enpresen lekua izango da. Gutxika joango da handitzen; 50,5 milioi euro inbertituko dituzte enpresa berriak eraikitzeko eta orotara 600 langile izango ditu, gehienak ingeniaritza alorrekoak. Oraingoz, atzo inauguratutako eraikinean Berrikuntza Gunearen zerbitzu orokorrak, Lortek zentroaren loturazko teknologien ikerketa gunea nahiz Mondragon Unibertsitateko I+G departamentuak kokatuko dira.

Dantzari batek aurreskua dantzatuz ekin zioten inaugurazio ekitaldiari eta, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako Aldundiko ahaldun nagusiak eta Bernabe Unda Lakuako Gobernuko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak hartu zuten parte. Ekitaldiaren amaieran berriz, sagarrondo bat landatu zuten eraikin nagusiaren sarreran, Berrikuntza Gunea, zuhaitz bat bailitzan, urtez urte hazten joan dadin eta fruituak eman ditzan.

Etorkizuna

Aurreskua dantzatu ostean eta zuhaitza landatu aurretik egin zuten inaugurazio ekitaldia. Sarrera gisa, Berrikuntza Gunea «bide berri baten abiapuntua» eta «etorkizunaren sorlekua» dela adierazi zuten, hain zuzen, «etorkizuna garapenaren eta ikerketaren bidez eraikiko baitugu». Zentzu honetan, enpresen lehiakortasuna hobetzeko horien arteko elkarlana bultzatuko dutela azaldu zuten. Era berean ikerketa, garapena eta berrikuntza landuko dituzte eta enpresa, unibertsitate eta formakuntza eskolen artean profesionalen joan-etorriak indartuko dituzte.

Patxi Plazaola Fundazioko lehendakariak «ezagutza teknologikoa sendotzeko» helburua lortzeko lehen pausoa eman dutela azaldu zuen. Hemendik aurrera, sortzaile eta ekintzaile berriei lekua eskainiko dietela esan zuen, bai eta beren enpresa ibilbidean laguntza emango dietela ere. Izan ere, «teknologia berrietan oinarritutako enpresak ekarri nahi ditugu gune honetara», esan zuen. Era berean, Goierrin prestakuntza handiko pertsonak, enpresa berritzaileak eta ezagutza badirela nabarmendu zuen.

Bernebe Undak, bestalde, «berrikuntza, kalitatea, bikaintasuna eta internazionalizazioa» krisialdia gainditzeko gakoak izango direla esan zuen. Hala, egun erronka nagusia, orain arteko jarduera mantendu eta negozio berriak sortzea dela esan zuen.

Markel Olano izan zen ekitaldian parte hartu zuen azken hizlaria. Olanok Gipuzkoaren izaera industriala goraipatu zuen, lurraldeko BPGaren %34a osatzen duela nabarmenduta. Krisiari aurre egiteko berriz, fiskalitatea, produktuaren berrikuntza, dimentsioa eta internazionalizazioa landu behar direla esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo