GARA > Idatzia > Kultura

«Bosteko 10» erakusketa ibiltaria Kultur Leioan dago ikusgai

Aurten XIII. edizioa duen Bosteko arte garaikidearen erakusketa ibiltaria Leioan da ikusgai. Itxaso Mendiluzek komisarioak «erretratua» proposatu du gai gisa, eta Ignacio Saez eta Leire Ugalde bikoteak, Ramon Perez eta Elena Goñi artistek hartu dute parte bertan.
p041_f01_148x088.jpg

A. BILBAO | BILBO

«Arte garaikideko euskal artista garrantzitsuen lanak sustatzea helburu» duen Bosteko ekimena ikusgai dugu, martxoaren 14ra arte, Leioako Kultur Leioan. Arte erakusketa ibiltaria da Bosteko -bost udalerritan jartzen da eta izanak ematen dio izena-. Leioan hasitako bideak Arrigorriaga (martxoaren 16tik 31ra), Zornotza (apirilaren 7tik 28ra), Basauri (apirilaren 30etik maiatzaren 23ra) eta Getxoko (maiatzaren 25etik ekainaren 15era) erakustaretoak hartuko ditu gero.

Aurtengoa 13. edizioa du erakusketak, eta Itxaso Mendiluze izan du komisario, aurrenekoz. Andoaindarrak erretratuak gaitzat hartu, eta giza-irudia lantzen duten hiru artista esanguratsu hautatu ditu erakusketan parte hartzeko. Bizkaitarrak bi, Ramon Perez (Bilbo, 1964) eta Ignacio Saez (Galdakao, 1971) -azken honek Leire Ugalde artistarekin batera egin du lan honakoan- eta Elena Goñi (Iruñea, 1968) nafarra hirugarrena.

Mendiluzeren esanetan, «giza irudia eta erretratua lantzeko orduan, hasiera batean harremanik ez duten oso ikuspegi ezberdinak ematen dituzte artistok, baina elkarrekin ondo uztartu eta ikuspegi zabala ematen dutenak».

Giza-irudia ardatz

Kultur Leioan, erakusketak hartuko dituen bost erakusaretoetatik handiena denez, lan gehiago jarri dituzten arren, artista bakoitzak hiru lan aurkeztu ditu.

Goñiren lanak «erretratatzen dituen espazio eta pertsonen hedapena dira, itxuraz gozoak eta xumeak». Perezen erretratuek berriz -bere pinturaren ezaugarri nagusia dira-, «berezko ingurunean kokatuak eta eroso diruditen modeloak erakusten ditu». Bukatzeko, kezkaz betetako Saez geldiezinak «bere burua aztertzeko lanak agertzen ditu, pintura eta argazkien bitartez».

Azken hau egitasmo bat garatzen ari da Ugalderekin, eta kezka bat agertzeko ere baliatu dute Bosteko, artistak baitira erakusketan lan egin duten guztien artean kobratzen ez duten bakarrak.

MENDILUZE

Itxaso Mendiluze da aurten, eta aurrenekoz, «Bosteko 10» erakusketaren komisarioa. Andoaindarrak gaia hautatu zuen aurrena, «erretratuak», eta berau lantzen dute hiru artistak gero.

SALAKETA

«Erretratuaren parez pareko aharrausia» lana salaketa egiteko baliatu dute Ignacio Saez eta Leire Ugalde artistek, Bostekon parte hartzen duten guztien artean artistak baitira sosik jasotzen ez duten bakarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo