GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gaztetxearen aurkako erasoa gogor salatu dute Itzubaltzetako gazteek

GARA | DONOSTIA

Itzubaltzetako Gazte Asanbladakoek salatu dutenez, urtarrilaren 22tik 23rako gauean, gaztetxean «erasoa» jasan zuten. Hain justu ere, euren hitzetan, 30 pertsona inguru hurbildu ziren Getxoko auzo honetara.

Gazte Asanbladakoek hedabideetara igorritako ohar batean argitu dutenez, egun horretan bost lagun inguru zeuden eraikin barruan eta une horretan «ez zegoen inolako ekitaldirik».

Antza, lauzpabost pertsona sartu ziren barrura makilekin eta harriekin. Jendea mehatxatu eta gaztetxeko altzariak eta materialak hondatu zituzten, beti ere Itzubaltzetakoen esanetan. Gai- nera, bertan zegoen pertsona bat ere jipoitu zutela salatu dute, «are ekintza onartezinagoa dena».

Egoera horren aurrean, gertatutakoa salatu eta gaztetxean «horrelako jarrerak» ez dituztela onartzen argi utzi nahi izan dute Itzubaltzetakoek.

«Gaztetxea eremu zabala da, irekia, non eragile eta gazte ezberdinak biltzen garen, gure proiektuak edota borrokak aurrera ateratzeko nahian», esan zuten. Horregatik, «gau hartan gaztetxera sartu zen jendeari» gaztetxeko ateak itxiko dizkietela azaldu dute.

Era berean, Itzubaltzetako Gazte Asanbladaren oharrarekin bat egin dute Erromo eta Pinuetako Jai Batzordeak, Artatza-Erromo Institutuko Ikasle Abertzaleek, Erromoko HNTk eta Lurralde Zati Planaren Aurkako Asanbladak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo