GARA > Idatzia > Ekonomia

«Jazarpenaren liburu beltza» plazaratu du EHLGk hurrengo epaiketaren atarian

Euskal Herriko Laborantza Ganberak Estatuaren aldetik jasandako «jazarpenaren» bilduma aurkeztu zuen atzo EHLGren Lagunak elkarteak, Giza Eskubideen Ligako ordezkariarekin batera. Otsailaren 18ko epaiketa salatzeko, larunbatean giza-kate erraldoia egingo da Baionan.

p025_f02_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

«Administrazioaren eta botere publikoen aldetik» bere sorreratik Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) pairatu duen «jazarpenaren liburu beltza» aurkeztu zuten atzo, Baionan, EHLGren Lagunak elkarteko ordezkariek.

«Eraso moten» arabera, bost ataletan banatu dute ia 700 orrialdeko bilduma. Mixel Bidegain irakasleak adierazi zuenez, lehena Zigor arloko Epaitegiarekin lotua da eta bertan Estatuak EHLGren «ilegaltasuna frogatzeko egindako ahalegin eta ondorioak jasotzen dira». Bigarrenak, herritarren emarien harira, Administrazio arloko Epaitegiarekin izandako gorabeheren berri ematen du. Hirugarrenean, berriz, diru-laguntzak ematea erabaki zuten 27 herriko-etxeen deliberoen baliogabetzearen nondik norakoak zehazten dira. Laugarrenak eta bosgarrenak AREA programaren barruan, egitasmoak eta azterketak gauzatzeko EHLGri ukatu zaizkion aukera eta diru-laguntzen ingurukoak azaltzen dituzte.

Laster beren blog-ean ikusgai izango den bilduman, jazoeren kronologia eta dokumentu ugari ere jaso dira.

Energia xahutzea

«Eraso hauei aurre egiteko EHLG sostengatzen dutenek erabili behar izan duten sinetsi ezinezko energia» nabarmenduta, Estatuak berak «elkarte baten zeregina oztopatzeko hainbeste denbora, bitarteko eta diru publiko xahutzea inoiz gutxitan ezagutu» dela esan zuen Bidegainek.

Ildo beretik, Giza Eskubideen Ligako (LDH) ohorezko lehendakari Michel Tubianak, liburuaren aitzinsolasa idatzi duenak, bere harridura azaldu zuen «Estatuak helburu politiko jakin batzuekin elkarte bat beldurtzeko ezarritako baliabide eskergengatik».

Tubianak kezka bizia agertu zuen «funtsezko eskubidea den elkartze-eskubidea prefeten irizpidepean» uzteagatik eta gogor kritikatu zuen Estatuaren jarrera: «Demokrazia bera jokoan jartzen du Estatuak. Badirudi mezu argi bat helarazi nahi duela elkarte baten helburu eta jardunaren mugak berak ezartzen dituela adierazita. Prefetak eta poliziak Gobernuaren politikaren zerbitzura legokeen `guardia pretoriarra' direla dirudi».

Otsailaren 18an Pauen izango den helegite epaiketaren harira, «ilegaltasunari, zinez ergelkeria saldoa» gehitu zaiola adierazi zuen Tubianak, LDHk bertara behatzaileak igorriko dituela iragarri ostean.

GIZA-KATEA

Larunbatean, 11.00etan Baionan izango den giza-katerako sostengu ugari jasotzen ari da EHLG, besteren artean, 1948an Giza Eskubideen Adierazpena idatzi zuen Stephane Hesselena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo