GARA > Idatzia > Kultura

Modernitatearen Parisi argia eman zioten artistak, Donostian

Donostiako Kubo aretoan erakusketa berri bat inauguratuko da gaur. «Paris. 100 urte» deitu diote Renoir, Van Dogen, Picasso edo Chagallen lanak biltzen dituen bilduma honi. Pasa den mendearen hasierako modernitatearen lehen urratsak agerian geratzen dira 75 lanetan.
p042_f01_148x100.jpg

GARA | DONOSTIA

Duela mende bateko Pariseko modernitatea ez zen maisu handien lana bakarrik izan, itzalean geratutako hainbat eta hainbat artistak ere egin zuten euren ekarpena. Horien guztien lanak osatzen dute Donostiako Kubo aretoan gaur hasi eta apirilaren 5era arte ikusgai izango den erakusketa. Genevako Petit Palaisen kokatutako Claude Ghez bildumagilearen fondo artistikoek osatzen dute «Paris. 100 urte».

Guztira 75 lan dira -62 pintura, zortzi marrazki, bi eskultura, bi akuaforte eta kartel bat- eta, autoreen artean dira Renoir, Derain, Degas, Utrillo, Steilen, Picasso, Maria Blanchard, Foujita, Chagall, Van Dogen eta Francis Picabia.

Etengabeko aldaketan zegoen Paris batean, autore hauek hiriaren fisonomia osatuz joan ziren, askatasunaren gotorleku bilakatu zen Montmartre auzoan ezkutatzen ziren bitartean. Hiria bulebar handiekin argitzen zuen «Erreforma uniformatzaile» hartatik ihes egiteko, garai hartako sortzaileek euren mihiseetan gorde zituzten aldaketa horiek guztiak, desagertzera zihoana eta mantenduko zena, baita kaleko zein lokaletako bizitza ere. Louis Legrand, Georges Bottini, Gustave Caillebote, Camoin, Sem, Marevna, Ossip Zadkine, Albert Gleizes eta Andre Lhote ere aurkituko ditugubide hori hautatu zuten artista horien artean.

Kontrastez betetako Paris

Erakusketako bisita erosoagoa izateko, Lola Jimenez Blanco komisarioak gaika banatu ditu obrak, lau ataletan: «Parisko eszenatokiak», «Ikuskizuna, gaua», «Barrualdeak, intimitateak» eta «Paris, abangoardien egoitza».

Lehenengoan, Alphonse Leon Quizet, Charles Camoin eta Theophile-Alexandre Steilen bezalako artistek Parisko, Montmartre edo La Galetteko errotak marrazten dituzte. Eiffel dorrearen lehenengo irudiak ere topa daitezke. «Beheko hirian» gertatzen denaren testigantza Nicolas Tarkhoffen eta bere Saint Denisko bulebarretik datorkigu. Picasso, Degas edo Legrand, berriz, «benetako emakumeen» bila arituko dira, idealizatutako biluzitik urrunduz.

Ikuskizunen atalean, festak, antzokiak, kabaretak edo burdelak erakusten dituzte Sem, Bottini eta Louis Legrandek.

Fauvismo eta kubismo mugimenduek, Parisko abangoardiaren gakoek, ere badute lekua Donostiako Kubo aretoan. Marevna margolari errusiarrak ongi laburtzen du Picasso eta Jean Cocteau agertzen diren 1962ko oihal puntillista batean garai hartan bizitakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo