GARA > Idatzia > Kultura

Kaskarotek, Hartzak, Zanpantzarrek eta zirtzilek sasoi berriari harrera eginen diote Hartzaro jaialdian

Bihartik otsailaren 16ra, inauteriak oinarri dituen Hartzaro jaialdia izanen da Uztaritzen. Bi asteotan, karrika desfile, erakusketa, ikusgarri, hitzaldi eta beste hainbat hitzordu izango dira bertan.

Ainize BUTRON | BAIONA

Uztaritzeko inauterien bereizgarri diren ohiko pertsonaiekin, Hartzaro jaialdia ospatuko da bihartik otsailaren 16ra. 1997an sortua, jaialdiak inauterien tradizioa sorkuntzarekin elkartzea izan du helburu hasieratik dantza, musika eta kantuaren bidez.

Aurtengo edizioan jaialdia horren berezi egiten duten osagai horiek preziatu ahal izango dira. Tradizioari dagokionez, zerri hiltzea, Kaskaroten desfilea eto Zanpantzarraren auzia agertuz joanen dira jaialdiak iraunen duen astean zehar. «Uztaritzen inauteri tradizionalak mendez mende mantendu dira. Esate baterako, Kaskarotak hirurehun urtez egin dira etenaldirik gabe. Gazteek dute transmisio hori ziurtatu», zehaztu zuen jaialdia antolatzen duen Herri Soinulariak elkarteko lehendakari Pierre Hairak.

Tradizioan oinarrituriko sorkuntzak plazaratzeko gune ere izan da jaialdia, eta, ohitura horri eutsiz, aurten ere Hartzarok bere sorkuntza uzta agertuko du.

Otsailaren 13an, Kiroleta aretoan, Aukeran Donostiako dantza konpainiak sorturiko obra guztiak ezagutarazten dituen obra berezia eskainiko du. Eta, horren ondotik, Hartzaro jaialdirako Beñat Amorena musikariak sorturiko «Mutur zikin, Bihotz bero» ikusgarriaz gozatzeko aukera izanen da. Burrunkaren sortzaileak Olentzeroren mitoan oinarrituriko ipuin musikala eta dantzatua landu du. Dantza Mizel Theret koreografoak eginikoa da. Aurtengo XIV. ediziorako artista hori omentzea erabaki dute, izan ere. «Theretek sortutako Hartza iguzki edo abereen dantzak gaurko inauterien tradizioaren oinarrizko zutoinak dira. Hogei ta bost urte daramatza gurekin lanean», gaineratu zuen Hairak.

Egitarau aberatsa

2009an Theretek kaleraturiko «Dorrea» otsailaren 12an, gauean, eskainiko dute Kiroleta aretoan. Horrekin batera, Anne-Marie Reno, 2002an «Maia dantza» plazaratutakoa goraipatuko dute. Baina, Hartzaro jaialdia beste hainbat ikusgarri eta artistaren obren erakusleiho ere izanen da. Karrika desfileak, Txilindron lehiaketa, argazki erakusketa, eta musika emanaldiak izanen dira horietako batzuk. Kontzertuei dagokienez, musika mota ezberdinak entzuteko aukera izanen da: jazz eta soul, rock metal, bertso eta biolinak bilduko dituen errezitaldia, Balkanetako eta Zuberoako kantuak. Inauteriei buruzko hitzaldiak eginen dira otsailaren 5 eta 10ean. Xabier Itzainak, Bordeleko CNRS ikerlariak «Toberak Lapurdin XIX. eta XX.mendean», eta, Nicole Lougarot «Les bohémiens» liburuaren idazleak «Buhamien eragina Euskal Herriko inauterietan» gaiak azalduko dituzte.

«EH Hortik Hara» filmaren aurkezpena

«EH Hortik Hara», hiru gaztek, Kanadatik Argentinara arteko bidaian eginiko dokumentala da. «Dokumentalak bi maila ditu. Batetik, bidaia baten kontakizuna da, eta, bestetik, eztabaida irekitzen du: `Diasporako euskaldun gazteek nola bizi ote dute haien kultura?' galderaren inguruan», esan zuen bidaiarietariko batek, Antton Lannesek. Kanadan hasi eta Amerikako Estatu Batuak, Uruguai eta Argentina zeharkatu dituzte hiru gazteek erreportajea egiteko. «Filma da gertatutakoaren berri emateko molde zuzenena. Eta, bertan ageri da euskal kulturak ez duela mugarik», gaineratu zuen.A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo