GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Nafarroa gabeko Euskal Herria: ezina

Auzitegi Goren espainolak Estatu frantseseko euskal preso politikoak EHUn matrikulatzeko protokoloa baliogabetzeko eman zuen ebazpenaren kontrako helegitea jarri dutela jakinarazi zuen atzo unibertsitate horretako errektore Iñaki Goirizelaiak. Errektoreak esan zuenez, ebazpen horrek administrazio-instantzien mende jartzen du EHUren hezkuntza-kalitatea. Barregarria gertatzen da, bestalde, presoei nahi duten unibertsitatean ikasteko aukera ukatzen dien hori hezkuntza-kalitatea bermatzeko ebazpen gisa aurkeztea. Baina ebazpen hori ez da estatu aparatuen jarraibide ideologiko-politikoak argudio juridikoekin janzten saiatzen den bakarra. Izan ere, atzo EAEko Auzitegi Nagusiak Hezkuntzan Euskal Herriaren eremuan Nafarroa agertzea baliogabetu duela jakinarazi zuten, Nafarroako Gobernuak jarritako helegitea onartuta. Egia esan, ebazpen hori ere ez da ezustekoa izan; aitzitik, auzitegi espainolen hainbat ebazpenen ildo beretik baitator: Euskal Herria nazio gisa ukatu eta haren zatiketa betikotzeko helburuaren mesedetan.

Gogoan izan, nolanahi ere, EAEko Hezkuntza Sailak curriculum dekretu berria iragarria duela, baina atzoko ebazpenak berresten du, beste hainbatek bezala, prozedura demokratikoei dagozkien hainbat kontu garrantzitsu auzitegiek erabakitzen dituztela, hartarako errealitatea bera ukatu behar badute ere. Eta errealitatea ukatzeak ondorio bitxiak izaten ditu, batzuetan absurdoak. EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak Nafarroa gabeko Euskal Herria onartzen du, existitzen ez den zerbait, ezina alegia. Izan ere, horixe da helegitearen eta ebazpenaren helburua: Euskal Herririk ez izatea, errealitatea ukatuta bada ere, ebazpen judizialen ondorioz bada ere.

Euskal Herria, orain bezala duela bost mende ere zatituta zegoen, baina euskal literatura idatziaren hasieran euskal idazleek aipatzen zuten errealitatea zen, garai hartako euskaldunak zatiketa administratiboaren jakitun bazeuden ere. Eta Leizarraga, Lazarraga edota Axularren Euskal Herriaren kontzeptua lurralde zatiketarekin ez ezik, ebazpen judizialekin ere higatzen tematuta daude. Atzokoa horren froga. Beste bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo