GARA > Idatzia > Mundua

Kolonbiako talde paramilitarretatik sortutako taldeak salatu ditu HRWk

Kolonbiako talde paramilitarretatik sortutako gaizkile taldeek «oso gehiegikeria larriak» egiten dituztela salatu du HRW gobernuz kanpoko erakundeak. «Kontrolpean dituzten komunitateetan, sarraskiak, exekuzioak, bortxaketak eta xantaiak egiten dituzte», azaldu dute.

GARA

Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak (HRW) «Paramilitarismoaren ondorengoak. Biolentziaren aurpegi berria Kolonbian» txostena aurkeztu zuen atzo Bogotan, bi urteko ikerketaren emaitza. Salatu zuenez, talde paramilitarretatik sortutako gaizkile taldeek, ofizialki deseginak izan arren, erasoak egiten jarraitzen dute.

Gaizkile talde horietan 4.000 bat pertsona ari dira. 2003 eta 2006. urte bitartean, talde paramilitarrek jarduteari utziko ziotela iragarri zuten Kolonbiako Autodefentsa Batuek, Gobernuarekin izandako negoziazio prozesuaren ostean. Taldeburu nagusiak AEBetara estraditatu zituzten, han droga trafikoa leporatzen diete-eta.

«Gaizkile talde horiek, kontrolpean dituzten komunitateetan, sarraski, exekuzio, bortxaketa eta xantaiak egiten dituzte. Mehatxu klima sortzen dute», nabarmendu zuen prentsaurrekoan Jose Miguel Vivancok, HRWen Amerikako ordezkariak. «Edozein izen dutelarik -dela paramilitarrak, dela gaizkile taldeak-, ezin dugu horien eragina txikiagotu. Paramilitarren antzera, giza eskubideak oso modu larrian urratzen dituzten ekintzen erantzule dira eta atxilotu egin behar dituzte», adierazi zuen.

Kolonbiako 32 departamenduetatik 24tan jarduten dutela azaldu zuen. Medellinen eta Nariñoko, Urabako, Chocoko, nahiz Metako departamenduetan bereziki indartsuak dira.

«Buruzagietako batzuk atxilotu dituzte, baina ordezkoak sortzen dira segituan. Kontrolpean dituzten eremuak zabaltzeko gaitasuna ere badute», ohartarazi zuen.

Gobernuak «zibilak babesteko eta justizia bermatzeko betebeharra» duela esan zuen Vivancok. Aitzitik, gaiari ez diola lehentasuna eman gaitzetsi zuen.

epaiketa

San Jose de Apartadoko sarraskia isilarazteko, Armadak paramilitarrei hiru eta lau urteko bi ume hiltzeko agindu ziela esan zuen paramilitar ohi batek atzo hasi zen epaiketan. Paramilitarrek eta soldaduek zortzi lagun hil zituzten, tartean umeen gurasoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo