Batzuek politikari presoekiko elkartasuna agertu eta bestetzuek haien hitzak isilarazi nahi dituzte
ELAko hiru ordezkarik, tartean sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñozek, atzo Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohiari egin zioten bisita, oroz gain, elkartasun keinua izan zen, Diez eta harekin batera atxilotu zituztenenganako elkartasuna. Halaber, bisitariek beraiek esan zutenez, atxiloketa haien bidegabekeria salatzeko joan ziren Estremerako kartzelara. Oraindik orain esan du Auzitegi Goren espainolak elkarrizketa politikoa ez dela delitua, eta politikari eta oro har eragile guztiak poztu egin dira hargatik; hala ere, horrek ez luke izan behar espetxean diren politikariak bisitatzeko arrazoia, bisita egin eta elkartasuna erakutsi behar zaie politikan jarduteagatik daudelako espetxean, hain zuzen.
ELAko ordezkariek Rafa Diezi bisita egin zioten egunean bertan, Barne Ministerio espainolak Arnaldo Otegiri «El País» egunkari espainiarrean argitaratzeko elkarrizketa egitea debekatu zion John Carlin kazetari eta idazleari. Nola Gobernuko ordezkariek hala politikariek oro har Otegik pentsatzen duenaz espekulatzen dute etengabe; baina, paradoxikoki bainoago makurki, horren maiz hizpide dutenaren hitzek oihartzuna izatea eragozten saiatzen dira.