ELAk eta LABek greba egunak deitu dituzte berriz ere EAEko anbulantzien sektorean
ELA eta LAB eta EAEko anbulantzien sektoreko patronala batzartzera deitu ditu Lakuak astelehenerako, hurrengo grebetako zerbitzu minimoak zehazteko. Gatazkari konponbidea bilatu nahi bazaio, aukera ona dela esan zuten sindikatuek.GARA | BILBO
ELA eta LAB sindikatuek deituta, EAEko anbulantzietako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon, Lakuako Gobernuko Osasun Sailaren egoitzaren aurrean, «Anbulantziak borrokan, bidezko hitzarmen baten alde» zioen pankarta baten atzean.
Zentral biek Gasteizko Gobernuak eta patronalak gatazka honetan izan duten jokabidea kritikatu zuten, langileen ordezkariek eginiko deiek erantzunik izan ez dutelako, ez alde batetik, ezta bestetik ere. Lakuaren «pasotismoa» nabarmentzearekin batera, langileekin baino, Osasun Saila enpresekin gehiago kezkatzen dela esan zuten sindikatuek.
Testuinguru horretan kokatu zuten ELAk eta LABek joan den urtarrilaren 29an gertatutakoa, milaka lagun etxean geratu behar izan zirela osasun zerbitzua jaso ezinik, sindikatuek gatazkari irtenbidea emateko egindako ahaleginek erantzunik jaso ez zutelako.
Lakuak langileekiko duen jarrera erabiltzaileekiko erakutsi duen «utzikeria» bezain «salagarria» dela esan zuten sindikatu abertzaleek, are gehiago EAE osoan deitutako bost greba egunak iristeko astebete baino gehiago falta denean, gatazka konpontzeko ahaleginik egin ez dutelako.
«Ekintzekin demostratu»
«Erabiltzaileak benetan axola bazaizkie, ekintzekin frogatu behar dute horrela dela», adierazi zuten atzo, oraindik gauzak konpontzeko aukera badagoela nabarmenduta. «Patronala eta Osasun Saila prest ez baldin badaude, otsailaren 15, 16, 17, 18 eta 19rako greba deialdia gauzatzea beste erremediorik ez dugu izango».
Greba egunez gain, hainbat mobilizazio antolatu dituzte, eta horietako bat otsailaren 12an izango da Lakuako Osasun Saileko herrialdeko ordezkaritzaren aurrean.
ELAk eta LABek batzar bat eskatu zieten berriro ere atzo Osasun Saileko arduradunei, gatazka desblokeatu eta EAE mailako hitzarmena lortzeko. Adierazi dutenez, «aukera ona» dute Lakuako Lan Sailak deitutako batzarraren aurrean; patronala eta sindikatuak deitu baititu gutxieneko zerbitzuak zehazteko.
Langileak «negoziatzeko jesartzeko eta edukiak dituzten akordioetara heltzeko» prest daudela gogorarazi zuten. Aldi berean, argi utzi nahi izan zuten, hori lortu ezean, beren eskubideak defendatzeko prest daudela.