GARA > Idatzia > Euskal Herria

II. Topaketa Antifaxista izango da larunbat honetan Kukutza gaztetxean

Manex ALTUNA |

Bilboko Errekalde auzoan dagoen Kukutzako gaztetxean II. Topaketa Antifaxista egingo dute larunbat honetan. Sare Antifaxistaren bosgarren urteurrena ospatuko dute eta Euskal Herriko faxismoaren aurkako mugimenduak talde ezberdinen arteko «koordinazioa hobetzeko» baliatu nahi du gaurko eguna.

Bilbo handian lan egiten zuten kolektibo antifaxistak batzeko helburuarekin jaio zen Sare Antifaxista 2005ean. Bertako kideek azaldu dutenez, ekintza faxistak ugaritu zirela-eta sortu ziren talde edo kolektibo horiek.

2002an «Kale Gorria» aldizkariak Falange Vasca alderdiaren inguruan kaleratu zuen informazioa izan zen Sare Antifaxista sortzeko arrazoietako bat. Aldizkariaren arabera, alderdi horretako hainbat kide Guardia Zibilaren laguntzarekin atentatuak egiteko azpiegitura prestatzen ari ziren.

Garai haietan alderdi faxista espainolek Euskal Herrian zehar hainbat bira antolatu zituztela ere gogora ekarri dute edo Lapurdi eta Nafarroa Behereko Front Nationalaren inguruan mugitzen ziren gazteak eta kalean zeuden zenbait «sekta sasifaxista».

Sare Antifaxistaren helburu nagusia «antifaxismoa dagokion lekuan jartzea da, sistemak eta komunikabideek ezarri nahi dioten marjinazio iruditik at». Kolektiboak argitu duenez, bere eginkizun nagusia «nazi-faxistek burutzen dituzten ekimenak salatzea eta kontrako erantzuna antolatzea da».

Horrez gain, oroimen historikoaren inguruan ere lan egiten dute, sinbologia frankista kentzeko eskatuz eta hainbat kasutan eurek kenduz. Esan bezala, Sare Antifaxistak Bilbo Handiaren inguruan lan egiten duten taldeen artean egiten du bere lan nagusia. Proiektua sendotzen joan den heinean beste herrialdeetako informazioa eta kolaborazioa jasotzen joan dira eta hiru urte beteko dituen blogean kaleratzen dute.

Egun osoko egitaraua

Gaurko II. Topaketa Antifaxista Sare Antifaxistaren urteurrena ospatzeko baliatuko dute, baina horren aurretik egin dituzte beste ekitaldi batzuk ere; esaterako, urtarrilaren 23an «Faxismoaren biktimak» izenburupean Bilboko La Bolsan emandako hitzaldia.

Topaketak goizeko hamarretan hasiko dira Kukutza gaztetxean ongietorri batekin, eta horren ondoren batzar nagusia burutuko dute. 15.00etan bazkaria izango da eta arratsaldean bideoak eta material antifaxista izango dira salgai.

Fernando Sapo-ren proiektu berriaren, Estricalla taldearen, kontzertua izango da egunari bukaera emateko. DAR eta Karkaba musika taldeak ere arituko dira taula gainean 20.00etatik aurrera. Sarrerak bost euro balio du eta kontzertuen ondoren musika antifaxista entzuteko aukera izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo