Bamas angeluarra munduko izozkigile onena izendatu dute
Italiako Rimini herrian iragan berri da munduko izozkigile onena hautatzeko txapelketa. Hamar herrialdetako parte-hartzaileen artean, Thierry Bamas beste bi izozkigile frantsesekin aritu zen eta sari nagusia eskuratu zuen. 41 urteko txokolategileak Angelun du saltokia.Ainize BUTRON | ANGELU
Italian, munduko izozki onenen herrialdean, iragan da berriki nazioarteko izozkigileen txapelketa. «Italia da izozkiaren tenplua», adierazi zuen Thierry Bamasek, diziplina horretan munduko txapela lortu berri duen txokolategileak.
41 urterekin, Angelun kokatu berria da, eta sari hori aipatzean harro agertzen da. «Bixkotx, txokolate eta izozki elaborazioan aditua naiz. Txapelketa horretarako Parisen gertatu den lehen selekzio batean parte hartu nuen eta aukeratu egin ninduten. Jadanik niretzat oso lorpen handia izan zen», erran zuen. Beste bi lankiderekin aritu zen lanean Bamas Italiako txapelketan, Estatu frantseseko ordezkari gisa.
«Zapore eta egitura askotako izozkiak aurkeztu ditugu», gaineratu zuen. Gaztea izanik ere, jakitate hori hamabost urteko esperientziari esker lortu du Bamasek.
Urte luzeko eskarmentua
«Hamabost urte daramatzat lehiaketetan parte hartzen. Eta, sari bakoitza profesio mailan lorpen handi bat da. Pasioa eta zure lana zaletasun duzularik munduko onenekin aritzeko gogoa pizten zaizu», nabarmendu zuen txokolategileak. Thierry Bamasek mota horretako beste hainbat lehiaketetan parte hartzeko gogoz jarraitzen du. Eta, jadanik Estatu frantseseko «langile onenaren» txapelketa prestatzen hasia da. «Bi urte daramatzat hori prestatzen. Gehien- bat teknikari eta lanbideari loturiko artea saritzen dute», bukatu zuen.
Bamasek herrialde bakoitzak zaporeari dagokionez «ondare genetiko» bat duela argitu zuen. AEBetan azukrea dute gustuko, Italian hurrak eta gure herrialdean txokolatea.
Titulua: «Vikingoen sorterrira».
Egilea: Xabier Mendiguren Elizegi.
Argitaletxea: Elkar.
Orrialde kopurua: 300.
Salneurria: 20,75 euro.