GARA > Idatzia > Euskal Herria

Martin eta Lema espetxera, eta Portugalen ustez ETAk erabilitako etxea atzeman dute

Auzitegi Nazional espainoleko Eloy Velasco epaileak asteartean Ertzaintzak atxilotutako Igor Martin eta Olaitz Lema ondarroarrak espetxeratzeko agindu zuen atzo. Bien bitartean, Portugaleko Polizia, ustez ETAk erabili duen etxebizitza eta furgoneta bat atzeman ondoren, bi lagunen bila ari da. Obidosen dago etxebizitza hori eta 500 bat kilo lehergai eta Estatu espainoleko hainbat mapa aurkitu dituztela adierazi zuten polizia iturriek.

p015_f02_013x312.jpg

GARA |

Igor Martin eta Olaitz Lema ondarroarrak espetxera bidali zituen atzo Eloy Velasco Auzitegi Nazional espainoleko epaileak, ETArekin harremana dutela egotzita. Inkomunikatuta igaro ziren biak epailearen aurretik eta egoera horretan izan zituzten Soto del Realeko presondegian sartu arte. Abokatuak berak GARAri azaldutakoaren arabera, epaitegi bereziko ziegetan ezin izan zuen haiekin hitz egin.

Astearte arratsaldean atxilotu zituen Ertzaintzak bi ondarroar hauek; Lema Berriatuan hartu zuten preso, bere lantegian, eta Martin, aldiz, Jakan, bertan duen etxebizitzan.

Portugalen etxea eta autoa

Bi hauekin bederatzi dira urtarrilaren 26an abiatu zen polizia operazioan atxilotu eta kartzelatutako lagunak. Horietatik bostek gutxienez, inkomunikazio aldian tortura larriak jasan dituztela salatu dute eta hiru atxilotu erietxera eraman behar izan zituzten derrigortutako jarrerek edota kolpeek sortutako lesioengatik.

Tortura testigantza hauen berri izan eta hurrengo egunean, EAEko Ararteko Iñigo Lamarkak eskatuta atxiloaldiko inkomunikazioaren inguruko azterketa egiten duen ikerketa lan bat argitaratu dute. Bertan inkomunikazioaren arriskuez ohartarazten da, eta erregimen horrek tortura edo tratu txarrak ekiditeko neurri eraginkorrak edota salaketen ikerketa bera oztopatzen duela nabarmenduz. Amnesty Internationalek eta NBEk egin dituzten inkomunikazioaren aurkako irakurketak ere ekartzen ditu gogora aipatutako azterketak.

Bien bitartean, Portugalgo Poliziak ustez ETAk erabilitako etxebizitza eta furgoneta bat aurkitu ditu Obidos herrian, Lisboa iparraldetik 90 kilometrora dagoen gune turistikoan. Polizia iturrien arabera, ETAk lehergaia biltegiratzen zuen etxe honetan eta bertan bostehun bat kilo lehergai eta hainbat bonba-lapa eta detonagailu atzeman zituzten, bai eta Estatu espainoleko hainbat hiritako mapak ere.

Furgoneta astelehenean aurkitu zuten arren, atzo arte, etxebizitza aurkitu arte, ez zuten eman aurkikuntza horien berri. Furgoneta, dirudienez, polizia kontrol baten inguruan aurkitu zuten bide bazterrean utzita. Barruan zihoazen bi lagunek, errepidean polizia kontrola zegoela ikusita, autoa bazterrean laga zutela uste da. Autoko bidaiariak identifikatzeari ere ekin zioten atzo, eta polizia iturrien arabera, Oier Gomez eta Andoni Zengoititabengoa ustezko ETAko militanteak ziren furgonetako bidaiariak eta aurkitutako etxebizitzako maizterrak, beti ere poliziaren arabera.

Furgonetak gezurrezko matrikulak zituen eta urtebete lehenago, Portugalen, Castelo Branco herrian, lapurtu zutela uste du Poliziak. Ibilgailuan bi detonagailu eta hainbat pikotx eta pala aurkitu zituztela eman zuten jakitera atzo.

Etxea miatzen, Portugaleko Poliziaz gainera, Guardia Zibila ere aritu zen. Dirudienez, bizilagun baten salaketaren ondorioz egin du aurkikuntza Poliziak. Izan ere, kexan azaldutakoaren arabera, etxeko argiak piztuta eta leihoak zabalik zeuden, eta ez zegoen alokairuan hartu zuten lagunen berririk.

Etxe honen aurkikuntzak eta joan den urtarrilaren 9an Iratxe Yañez eta Garikoitz Arrieta herrialde honetan atxilotu izanak, erakunde armatuak Portugalen azpiegitura izan lezakeela dioen hipotesia indartu du.

Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak Yañez eta Arrieta entregatzeko eskatu zuen, eta Lisboako Auzitegian da orain auzia.

identifikatuak

Barne Ministerio espainolaren iturriek aipatu zutenez, Oier Gomez eta Andoni Zengotitabengoa dira Portugalen bilatzen ari diren ustezko ETAko bi kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo